Hiru entrenamendu-saio F Ligako SD Eibar-entzat
Denboraldi honetan Madrilera lehenengoz bidaiatuko duen taldeak hiru lan-saio izango ditu aurretik, atzo egindakoaren ondoren. Herenegun eguerdian Ipuruan lortutako berdinketaren ostean, emakumezkoen lehen taldea pentsatzen dabil jada hurrengo norgehiagokan, zapatuan Madrilen Madrid CFFren aurka jokatuko duenarekin, hain zuzen. Gaur atseden hartuko du Yerai Martinek prestatzen duen taldeak, eta bihar, etzi eta etzidamu entrenamendu-saioei egingo diete aurre: bihar Unben, 12:15ean hasita; eguenean Atxabalpen, 11:00etatik aurrera; eta barixakuan Anexoan, 10:30ean hasiko den prestaketarekin. Madrid CFF-ren kontrako partidua zapatu arratsaldean jokatuko da, 17:00etatik aurrera. Handik bueltan, domeka goizean lan-saioa izango dute Anexoan, 11:30etik aurrera.