Hizkuntza Eskolaren Kultur Astea gaur abiatuko da
Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialak, urtero egin ohi duenari jarraituta, aurten ere hainbat jarduera antolatu ditu Kultur Astearen barruan, ikasleek zein animatzen diren beste guztiak klasetik kanpora bertan ematen dituzten hizkuntzak praktikatzeko aukera edukitzeko. Gaur ekingo diote programazioari, 18.30etan eskolan bertan (Jardiñeta, 3) frantsesez eskainiko den hitzaldiarekin. Martitzenean, berriz, ingelesa izango da ardatza, 18.30etan Dsubstitutes taldeak Portalean emango duen kontzertuan. Eguaztenean saio bikoitza izango da, eguenerako deitutako greba orokorra dela-eta, egun horretarako antolatuta zegoen hitzaldia eguaztenera aurreratu duelako. Horrela, 17.30etan alemanieraz "Klein, aber fein!" izenburuko hitzaldia emango du Alexi Hoferrek Portalean eta 18.30etan, berriz, "Lurra, Lurra" izenburuko ikus-entzunezkoa euskeraz emango dute Hizkuntza Eskolan bertan.