“Hobeto biziko ginateke Euskal Herri independientean”

“Hobeto biziko ginateke Euskal Herri independientean”
2011/12/16 00:00
eta kitto!

-Euskal Estatu bat bideragarria ez denaren argudioa zabaldu izan da Euskal Herriaren independentzia ukatzen dutenen ahoetatik. Zer deritzozu?
Ustezko bideragarritasun eza hori tamainari lotu izan zaio, txikiegia dela argudiatuz; baina datuetan baino aurreiritzietan oinarritu da. Europako Batasunean badira gaur egun 6 estatu gu baino txikiagoak eta munduan 60 inguru. Jende gutxik daki badela Nazio Batuen Erakundean Tuvalu deritzon estatu bat 18.000 biztanle besterik ez duena –Eibar baino txikiagoa- eta, bistan denez, bideragarria da.Inor gutxik jartzen du zalantzan arrazoi ekonomikoa, irabazi eta kostuen arteko analisi hutsa –berriki Madrilgo unibertsitate batek baiezko “matematikoa” azaldu du-, bestelako kontuak dira aitzaki. Bideragarri baino errentagarri esango nuke: hobeto biziko ginateke.
-Arlo ekonomikoan: komenigarriagoa da Euskal Herriarentzat Frantzia eta Espainiaren barruan egotea ala independentea izatea?
Espainiaren kasuan eguneroko prentsan agertzen diren datuak ikustea besterik ez dago –batez ere langabezia- eta ez du merezi luzatzerik, nabarmena da zama bihurtu dela –lehenagotik ere horrela ez bazen-. Frantziarenean, egoera orokorra hobea bada ere, Ipar Euskal Herria baztertu izan dute betidanik, garatzeko inolako asmorik gabe –turismoa ezik-. Krisiari ongien aurre egin dioten herriek erabakiak beren gain hartu dituztenak dira, ezagunena Islandia.Hori da garapenerako gakoa. Gainera, eskubide kolektiborik gabe, hainbeste aipatzen diren indibidualak ere kaltetuak ateratzen dira. Estatu propioa beharrezkoa da norbere eskubideak bermatzeko. 
-Datuen arabera Euskal Herrian krisiak ez du Espainian bezain eragin txarra izan. Zergatik?
Gure eredua ekonomia errealari lotuago dagoelako, industriaren pisua %25ekoa da, Espainiakoa bikoizten. Eta alderantziz eraikuntza eta turismoan, burbuilak eragiten dituztenak. Finantzak ere osasuntsuagoak ditugu, bai publikoak eta baita pribatuak. Eta, luzerako doanez, aurrera begira, jendea prestatuagoa dugu, ekonomia berritzaileago eta nazioartekotuagoa. Nolabait esateko, gure eredu ekonomikoa “alemaniarragoa” da.
-Europa mailan non kokatzen da Euskal Herriko ekonomia?
Abiadura ezberdinetaz hitz egiten ari denez,lehenengoan edo behintzat batezbestekoan. Datu makroekonomikoei begiratuz: bizimaila altua dugu,neurriko langabezia eta hazkunde tasak, defizit kontrolatua, gastu sozialean hobetu dezakegu… Hain modan dauden rating agentzien kalifikazioak subjektu sozioekonomiko ezberdindutzat gaituzte. Ez gara AAA, baina bai AA+ (Espainia baino bi maila gorago). Nolanahi ere, atzekoei begiratzea baino, hobe genuke aurretik ditugunengandik ikastea.  
-Zenbatean edo zein mailatan daude Espainia eta Frantzia Euskal Herriaren menpe (edo bere beharra daukate)?
Espainiari Euskal Herria (eta agian atzetik Katalunia ere) kenduz gero, denok dakigu zer geratzen den: hondartzak…Duela 30 urte, gure harreman komertzialen erdia Espainiarekin genuen, gaur egun ez da heren batera iristen eta saltzaile izatetik erosle izatera pasa gara.Burujabetza fiskala dugu Hego Euskal Herrian, independentziaren aurretiko urratsa, baina oraindik kupoa ordainduz. Frantziaren kasuan ez dute hainbeste beharrik, baina ,lehenago aipatu bezala, bere “handitasunari” (eta harrotasunari, euskara ez da ezta ofiziala ere) kalte egingo lioke.


-Grezia eta Italian gertatutakoa ikusita, zenbatekoa da estatuen garrantzia botere ekonomikoen aurrean?
Estatu zaren momentutik boterearen zati bat zurea da, estaturik gabe jai duzu: zuri dagozkizun gaietan erabakiak besteren esku daudelako. Hala ere, gogora dezagun, finantza-erakunde publiko handiak (Nazioarteko Moneta Funtsa, Europako Banku Zentrala,…) estatuek beraiek ordaintzen dituztela proportzio ezberdinetan eta banketxe pribatu boteretsuen atzetik beti dagoela azken berme moduan estatua bera, subsidiarioki erantzule dena. Zor pribatuak erreskate publikoekin kitatzen ari dira.


-Beste eredu ekonomiko bat bultzatu litzatekeela pentsatzen duzu Euskal Herriak independentzia lortu ezkero?
Estatu berriek freskura ekarri beharko liokete munduari. Estatu txikien abantailen artean arrisku handirik gabeko esperimentazio “laborategi” izatearena dago, esate baterako Danimarkan lan harreman “malguseguruak”, Austrian langabezi-funtsak, etab. garatu dituzte.Ez da harritzekoa Ipar Euskal Herriko abertzaleek, adibidez, harreman estua izatea ekologistekin. Hori bai, ahaztu gabe, Europa mendebalde honetako jendartearen erdia inguru eskubikoa edo kontserbadorea dela eta proiektu guztiek merezi dutela errespetu bera.


-Elkarrizketa batean diozu estatuen eredua aldatzen ari dela eta paradigma berrian estatu txikiek protagonismoa izango dutela. Zergatik?
Hogeigarren mendearen hasieran munduan 50 estatu zeuden, gaur egun ia 200 eta beste asko bidean, adibidez Palestina, Sahara, Eskozia… Lehen barne merkatuen eta estatuaren defentsa mugak berdinak ziren, inperio handien itzal, orain dena da ekonomikoki irekiago eta beraz, mundua demokratikoago. Adierazle ekonomiko gehienei erreparatuz (Barne Produktu Gordina, Giza Garapenaren Indizea, aberastasunaren banaketa, langabezi tasak, gardentasuna, elkartasuna, kaudimena, berrikuntza, lehiakortasuna, aztarna ekologikoa… edota berriki modan jarritako Barne Zoriontasun Gordinean) estatu txikiak agertzen zaizkigu ranking horietako lehen postuetan.Eta ez dira harritzekoak hurbiltasun horrek dakarren arrakastaren zergati batzuk: barne kohesioa, irekitze tasa, hazkunde handiagoa, espezializazio lehiakorra, malgutasuna aldaketa azkarrei, defentsa gastu txikiagoa. 
-Zentzu horretan, nolako garrantzia dute Europar Batasuna edo CELAC sortu berria bezalako komunitateek (Herrialdeak batzen baitituzte euren barnean)?
Jendarteak hurbiltasuna eskertzen du, autoestimari motibagarriago zaio bere barruko hoberena eman ahal izateko eta hortik estatu txikien aldeko apustua; baina aldi berean, globalizazio garaiak dira hauek, eta ingurukoekin interdependentzian bizi gara proiektu handiagoetan sartze aldera: moneta bateratua, azpiegitura partekatuak, energia iturriak, etab. Eta herri bakoitzak bere kultura badu, eta errespetu osoa merezi ere, zenbait balore amankomunean ditugu eta horrek baldintzatzen gaitu, ez baita berdina Latinoamerika edo Europa.
-Nolako tamaina izatea da egokiena estatu baterako? Salbuespenik egon daiteke?
Lehen aipatutako ranking horietan beti agertzen dira izen beretsuak munduko bazter guztietatik: Danimarka, Zeelanda Berria, Norvegia, Singapur, Suitza, Costa Rica… lauzpabost milioi ingurukoak. Ustezko salbuespenak Alemania eta Ameriketako Estatu Batuak izan daitezke, baina kontuz: federazio handiak dira –borondatez batuak, demokratikoki- eta lehenengoaren kasuan 80 milioi biztanle zati 16 länder, berriz ere bost milioi; eta bigarrenean, 300 zati 50 estatu, sei. Ez dago formula magikorik,ekonomia gizarte zientzia bat da, baina hortik urruti ez dabil.Euskal Herriaren kasuan ez dugu ahaztu behar ofizialki garen 3 milioi horietaz gain diaspora handia dugula (7 milioitan estimatzen da) eta gure zazpi herrialdeen ingurukoak (Errioxa, Biarno…) historikoki Nafarroa izan zirela eta modernoki ekonomiaren inguruan, polo bat osatzen dutela, elkarren osagarri.