Hurrengo barixakuan egingo dute eztanda Urki auzoko jaiek
Dena prest dago Urkiko jaiak ospatzeko. Auzoko jai batzordeak antolatu duen egitaraua datorren barixakuan hasiko da, 19:00etatik aurrera auzoko kale eta tabernetan egingo duten trikipoteoarekin. Arratsalde horretan ere dantza erakustaldia egingo da Koa dantza taldekoen eskutik. Eta gauerako Eibarko bi talderen kontzertua antolatu dute: Judash eta The Vartools arituko dira, 22:30etik aurrera.
Zapatuko egitarauak egun osoa beteko du: 11:00etan hasiko da Txikikrosa (adinaren araberako ibilbideekin), Urki-Kurutzekuatik. Eguerdian paella lehiaketa egingo dute, Nuevo tabernaren atzeko aldean (euria egingo balu, eskolako patio estalian) izango da. Auzoko tabernetan izena emateko aukera dago eta irabazleentzat sariak banatuko dira. Arratsaldean,besteak beste, igel-toka txapelketa jokatuko da, Rioja tabernako parkean; umeentzako jolasgunea egongo da (eskolako patioan), Kids&Party ludotekaren eskutik; kirol-kamiseten zozketa egingo dute; eta Irulitxa txarangak girotuta, kalejiran ibiliko dira. Gaueko kontzertua, berriz, Buen Castigo musika taldeak eskainiko du, 23:30ean hasita. Fito y Fitipaldis taldeari tributoa izango da, eta Javier Alzola, Fitorekin aritutako saxofoi-jolea da taldekideetako bat.