Ibai Fresnedo: “Politikoki eta sozialki bizi dugun krisi mundialarekin zuzenean dago lotuta horrelako formazio bat”

Otsailaren 17an, martitzena, ‘Gizontasuna korapilatzen’ formazio-prozesua hasiko da Portalean, 17:30ean.
Ibai Fresnedo: “Politikoki eta sozialki bizi dugun krisi mundialarekin zuzenean dago lotuta horrelako formazio bat”
2026/02/13 10:32
Ekhi Belar Errasti

‘Gizontasuna korapilatzen’ gizonei zuzendutako formakuntza eta hausnarketa prozesua izango da, konfiantzazko espazioan elkarri entzun ahal izateko eta harremanak izateko moduak berdintasunezko gizarte-eredu baterantz eraldatzeko.

Guztira zortzi saio eskainiko dituzte Hiruki Larroxako kideek gidatuta eta hilean behin egingo dira (parte-hartzaileen prestutasunaren arabera lehenengo egunean zehaztuko dira egunak). Otsailaren 16ra arte egongo da zabalik izena emateko epea eta 943 54 39 38 telefonora deituta, andretxea@eibar.eus helbidera idatzita edo Andretxearen egoitzan (Isasi kalea, 11) egin daiteke.

 

Zer ulertu behar dugu gizontasunaz ari garenean? Zer da gizontasuna?

Azken urteotan gizontasuna eta maskulinitatea ari gara ezberdintzen, ikusten ari garelako bai historikoki bai azken hamarkadetan maskulinitateari lotuta kontzeptu berriak sortu direla (maskulinitate berriak tartean). Gizartean sekulako nahasmena dago, normalean formakuntzen izenetan maskulinitatea baitago presente, baina guretzat lazgarria izan daiteke, zeren eta norena da maskulinitatearen jabetza? Maskulinitatea hitza entzuten dugunean zuzenean gizonekin lotu beharko genuke? Emakumeek ez dute maskulinitaterik? Nortzuk dira benetan espazio horietara gonbidatuak egon beharko liratekeen subjektuak edo pertsonak? Hori da lehenik eta behin mahai gainean jarri nahi genuen kezka. Bestetik, gizontasuna hitzak zuzenean egiten dio erreferentzia subjektuari, eta berdintasunarekin edo feminismoarekin lotutako gaiak lantzen ditugunean ezin dugu ahaztu feminismoak beti jarri duela fokua subjektu politikoan: feminismoaren borrokaren atzean beti dago emakumea eta ez feminitatea. Hau da, feminismoak ez du bere borroka feminitatean oinarritu edo emakumeak gonarekin doazen edo dena delakoa. Emakumeak ez dira bortxatuak izaten edo ez dituzte egunerokoan bizi dituzten desberdintasunak femeninoak izateagatik, baizik eta emakume izate hutsagatik. Beraz, markoaz hitz egiten hasten garenean bi kontzeptu horiek desberdintzen ditugu.

Gizonek zergatik hartu beharko genuke parte formakuntza-prozesu horretan?

Ardura bat dugulako. Gizartearen erdia baino gutxiago gara kuantitatiboki, baina kualitatiboki oso beharrezkoa da gure parte-hartzea eta parte-hartze hori ez dago bakarrik lotuta genero desberdintasunekin, baizik eta gaur gaurkoz bizitzen ari garen justizia sozialaren atzerapausoekin. Gaur egun politikoki eta sozialki bizitzen ari garen krisi mundialarekin zuzenean dago lotuta horrelako formazio bat. Beharrezkoa dugu espazio propioak sortzea eta gizontasunaz harago patriarkatua, kapitalismoa eta eguneroko hori baldintzatzen duten sistema sozial guztietan zer nolako ardura dugun ikustea, eta hausnarketa kritikoa egitea esparru ezberdinetan. Esparru indibidualean norberak bere burua aztertu, bere inguruan nola harremantzen den ikusi, gure sexualitatea, gizon izateko moduak, maskulinitatea-feminitatea... Eta gero, ikustea gizonok kolektiboki nolako harremanak sortzen ditugun, baita gure eguneroko gertuko gizartean ere (herrian, auzoan, parte hartzen dugun egitura politiko eta sozialetan...), eta horietan nolako rola edo papera dugun.

Edonork har dezake parte? Beharrezkoa da aurretik hausnarketa prozesu bat edo antzeko zerbait egitea?

Parte hartzeko baldintza bakarra 18 urtetik gorakoa izatea da. Hain justu ere, hori da horrelako formazioek bilatzen dutena, aniztasuna egotea adinaren, esperientziaren eta norberak egin duen ibilbidearen aldetik. Kontziente gara gizon batzuek seguraski aurretik lanketa bat egin edo hausnarketa-bide bat irekia dutela, baina beste batzuek akaso ez. Prozesu izaera edukitzeak aukera ematen du hasieratik talde izaera lantzeko eta bakoitzaren abiapuntua zein den eta, horren arabera, prozesua eraikitzen joateko. Beraz, edozein etorri daiteke.

Nolako saioak izango dira?

Metodologia praktikoa eta teorikoa uztartzen saiatzen gara. Teorikoa aipatzen dudanean ez nabil klase magistralez ari, baizik eta marko minimoaz. Marko horiek kontzeptualak izan ohi dira eta lehen bi saioetan marko itxi bat eramaten dugu, nahiko kritikoa eta lehen aipatutako gako batzuetan oinarritua. Etortzen diren gizon parte-hartzaileen beharren arabera kontzeptu batzuk argitzen saiatzen gara. Beti gustatzen zaigu foro formatua aplikatzea eta bakoitzak bere egunerokoan dituen beldurrak eta zalantzak ekartzea eta hortik eraikitzea. Alde praktikoari begira, jolasean, eztabaidan eta dinamika parte-hartzaileetan sartzen gara, eta gure papera espazio hori dinamizatzea eta galderak egitea izaten da. Parte hartzen duten gizonek beti dute prestutasuna horrelako espazio irekietan parte hartzeko, ez baitaude ohituta.

Nolako esperientziak eduki dituzue horrelako formakuntza-prozesuetan?

Nahiko talde anitzak edota homogeneoak izatea hainbat ezaugarriri dagokienez, eta gizon izatea izaten da ezaugarri komuna. Horrek, maskulinitatearekin lotuz, badauzka betebehar, etiketa edo presio sozial batzuk. Ia herri guztietan, hasieran, gizonak izaera oso arrazionaletik etortzen dira. Ulertzen dute klase magistral batzuetara datozela, koadernoarekin eta boligrafoarekin, apunteak hartzen, eta ematen du partekatu behar dutela gizon aliatuaren izate horretatik inguruko emakumeengatik zer ikasi duten eta eraldaketa batean daudela erakustea. Prozesuak aurrera egin ahala askatzen joaten dira, euren zaurgarritasunak besteen aurrean adierazten dituzte, baita euren beldurrak ere, eta eurak diren hori besteen aurrean erakusten dute. Orduan, erlaxatu egiten dira eta are eta giro anitzagoa sortzen da. Norbanakotasunetik kolektibotasunera igarotzean badaude aurrerago loratzen diren elementuak eta hori oso interesgarria izaten da.

Prozesua amaitzerakoan zein izan ohi da emaitza?

Horrelako prozesuetan inbutuaren logika aplikatzen dugu. Hau da, handitik txikira edo orokorretik zehatzera. Beraz, prozesuak konpromisoekin amaitzen ditugu, gero eraldaketa txiki bat gertatzea nahi dugulako, batez ere euren egunerokoan eta inguruan (auzoetan, familietan, zirkulu sozialetan...). Prozesuan zehar hausnarketa pila bat egiten da, identifikaziorako tresnak ematen saiatzen gara... Eta ez bakarrik kritika suntsitzaile edo negatiboetatik, baizik eta indargune batzuk ere identifikatzen. Izan ere, prozesu kritiko honek eurei zerbait ematea eta fruitu horiek egunerokoan aplikatzea nahi dugu.