Ibai Redondo: “Ikasleen ahalduntzea, autonomia eta ikuspegi kritikoa sustatu behar du ebaluazio hezitzaileak”

Ibai Redondo: “Ikasleen ahalduntzea, autonomia eta ikuspegi kritikoa sustatu behar du ebaluazio hezitzaileak”
2020/01/21 09:41
eta kitto!
UEUk ‘Egungo Eredua Irauliz. Ebaluazio Hezitzailea Iruten’ II. jardunaldiak egingo ditu otsailaren 8an Markeskua jauregian, LAB sindikatuarekin elkarlanean. Antolatzaileen berbetan Haur Hezkuntzatik Unibertsitatera Ebaluazio Hezitzailea posible dela erakusteko jardunaldiak izango dira. Horren harira, antolakuntzan ibili den Ibai Redondori elkarrizketa egin diote unibertsitatea.net webgunean.

 

- Iruten dinamikaren barruan kokatzen da jardunaldia. Nondik abiatzen da dinamika hori?

Euskal Herriak ez du hezkuntza sistema propiorik eta ditugun hezkuntza sistemak ez daude gure herriaren garapen kultural, sozial edo ekonomikorako pentsatuta. Iruditzen zaigu egungo hezkuntza sistemak, espainiar eta frantsesaren menpekoak, kapitalaren menpekoak, agortuta daudela, zaharkituta. Hezkuntza sistema eraldatuz, hezkuntza sistema burujabea eraiki behar dugu. Hezkuntzak behar duen eraldaketa horretan, oztopo handia da azterketa eta kalifikazioan oinarritzen den ebaluazio eredua. Iruten filosofia, gure hezkuntza sistema propioa eraikitzean oinarritzen da; hezkuntza sistema euskalduna, euskal kulturaren transmisioa bermatuko duena, hezkidetzailea, inklusiboa… Behar dugun hezkuntza sistema berri hori iruteko oztopoa da ebaluazio eredu klasikoa. Hezkuntza eraldatzeko beharrari erantzuten dio Iruten dinamikak, filosofia ekintzailea da, eginez eraldatzea, baita ebaluazio eredua ere.

- Ebaluazio hezitzaileaz ari garenean, zertaz ari gara?

Maiz, ebaluazioa azterketekin eta notekin irudikatzen dugu; selektibitatea eta baxoa dira sistema horren erakusgarri nagusiak. Ikasleei urduritasuna, antsietatea, frustrazioa edota haserrea bezalako bizipenak eragiten dizkie. Azterketa ereduaren bidez, ikasleen sailkapena egiten da: “onak / txarrak”, “argiak / tontoak”… Hain justu hezkuntzak izan behar ez duen guztia da ebaluazio eredu hau. Ebaluazio Hezitzailerako ez dago eredu bakarra; baina ebaluazio hezitzailea, hobetzera bideratua dago: ekitatean, aukera berdintasunean, ikuspegi hezitzailean, ongizatea erdigunean kokatzean oinarritzen da. Azterketa-kalifikazioa binomioarekin apurtzen da, egunerokotasuneko lana ebaluatzen delarik. Ebaluazio horretan, ikasleak, irakasleak edo ikastetxeak ez dira objektuak, subjektuak baizik. Ikasleen ahalduntzea, autonomia eta ikuspegi kritikoa sustatu behar du. Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko sortzaileak dio ebaluazioa honakoa izan beharko litzatekeela: “eskola komunitateko kideak eskolara bidean eta handik bueltan duten poza, irrika, jakin mina, harreman mota”. Ikasleen eta hezkuntza komunitatearen ongizatea izan behar du helburu ebaluazio eredu on batek; autoebaluazioan eta koebaluazioan oinarritua.

- Zein eratako adibideak ekarriko dituzue jardunaldira?

Ebaluazio hezitzailea ez da amets bat, errealitatea da hainbat ikastetxe eta unibertsitatetan. Eibarrera egiten ari den guztiaren lagin bat ekarriko dugu. Erakutsiko dugu, oztopoak oztopo, haur eskolatik unibertsitatera, posible dela ebaluazioa sistema eraldatzea. Haur eskolan, lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean egiten ari den eraldaketa ezagutuko dugu. Ikastetxeetako irakasle-hezitzaileak izango dira euren esperientzia praktikoaren berri emango digutenak.