Ibon Muñozek irabazi du Gipuzkoako Xake Txapelketa, azken jardunaldian Jon Aranarekin berdindu ostean

Klub Deportiboko xake batzordeko Aranak ia lau orduko partida jokatu zuen txapeldunaren aurka, eta garaipena gertu izan zuen
Ibon Muñozek irabazi du Gipuzkoako Xake Txapelketa, azken jardunaldian Jon Aranarekin berdindu ostean
(Argazkia: Eibarko Klub Deportiboa)
2026/11/12 10:50
Ekhi Belar Errasti

Gipuzkoako Xake Txapelketako azken jardunaldia jokatu zuten joan den larunbatean, azaroaren 7an, eta Ibon Muñoz bilakatu zen txapeldun, 4,5 punturekin. Azken txandan, Klub Deportiboko Jon Aranaren aurka neurtu zituen indarrak. Ia lau ordu iraun zuen partidak, eta Aranak garaipena eskura izan zuen arren, azkenean berdinketa lortu zuten.

Paul Sierrak eta Iker Garciak ere berdindu egin zuten euren arteko partida. Ondorioz, hiru jokalariak berdinduta geratu ziren sailkapenean: Iker Garciak, Jon Aranak eta Paul Sierrak 3,5 puntu lortu zituzten.

Klub Deportiboko beste ordezkaria, Xabier Beorlegui, garaile izan zen Alfonso Gonzalezen aurka. Garaipen horri esker, zazpigarren postuan amaitu zuen txapelketa, 2,5 punturekin.

HEMEN dituzue Deporrek egindako argazki gehiago.