Ibur-erreka eta inguruetako zaborra auzolanean biltzen aritu ziren atzo

Ibur-erreka eta inguruetako zaborra auzolanean biltzen aritu ziren atzo
2022/05/16 eta kitto!
Eibarko Baso Biziak elkarteak antolatutako irteeran, Ibur-erreka eta inguruak garbitzen aritu ziren atzo. Aldez aurretik Udalarekin egindako bileretan adostu zituzten zortzi puntutan atera zuten zaborra, poltsetan bilduta, gero Mankomunitateko zerbitzuek jasotzeko. Irteeran parte hartu zutenen berbetan, “uste baino zabor gehiago aurkitu dugu, zoritxarrez”. Horregatik, kontzientziazio mailan oraindik ere lan handia egiteko premia dagoela nabarmendu dute.

Azaldutakoaren arabera, “zaborra biltzeaz gain, ekosistemen azterketa egin dugu txikienekin, hau da, landaredia eta fauna behatu eta ezagutu dituzte. Oso ikasle azkarrak eta zintzoak izan ditugu gurekin, bai horixe!”. Bertaratu ziren guztiei eskerrak eman nahi dizkiete, erreka eta inguruak garbitzen “lan bikaina” egin zuten eta, atzoko irudiekin prestatu duten bideo honetan ikus daitekeenez.