Idoia Etxeberria, Ahotsak: «Nondik gatozen ez badakigu, ez dugu jakingo nora joan»

Idoia Etxeberria, Ahotsak: «Nondik gatozen ez badakigu, ez dugu jakingo nora joan»
2023/12/28 11:03
eta kitto!
BERRIAko  kazetariak landu du elkarrizketa eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

Ahotsak proiektuak bi hamarkada daramatza Euskal Herriko ahozko ondarea jasotzen eta zabaltzen. «Euskarazko ahozko corpusik handiena jasota daukagu», nabarmendu du Etxeberriak.


Hogei urte pasatu dira Debaren ibarreko Badihardugu euskara elkarteak Ahotsak proiektua sortu zuenetik. Ordutik gaur arte, Euskal Herriko ahozko ondarea biltzen eta zabaltzen jardun dute proiektuko kideek. Idoia Etxeberria (Oñati, Gipuzkoa, 1977) da horietako bat. 2009tik ari da buru-belarri denetariko egitasmoak antolatzen.


Argazkia: Jon Orbe (FOKU)


Zure lana, besteak beste, entzutean datza. Zure ustez, behar beste entzuten da?

Gaur egun, adinekoei ez diegu jaramon handirik egiten. Gazteen gizartean bizi gara. Gainera, luzaroan entzuten egotea pentsaezina da. Dena azkar egin beharreko gizarte batean bizi gara: irudiaren gizartea da, ez entzumenarena. Hala ere, oso gauza interesgarriak dituzte kontatzeko: falta diren egunean akordatzen gara geure nagusiekin.

Ahotsak proiektuaren bidez, ordea, askori entzun diezue. Zenbat elkarrizketa egin dituzu zuk?

Ez daukat zenbatuta, baina bostehun baino gehiago seguru!

Zer da Ahotsak proiektua?

Ahozko ondarea jasotzea eta zabaltzea du helburu, alderdi linguistikotik —euskalkiak— eta edukiaren aldetik: historia, etnografia, abestiak, oroimen historikoa... Azken finean, Ahotsak.eus ahozko ondarearen artxibo bat da; online dago, eta erabilera librekoa da. Guk egindako elkarrizketez gain, berrehun proiektutik gora batzen ditu. Orain, adibidez, hitanoa bultzatzeko proiektuekin ari gara. Euskarazko ahozko corpusik handiena daukagu jasota.

Nori egiten dizkiezue elkarrizketak?

Bereziki 75 urtetik gorakoak elkarrizketatzen ditugu, euskalkiak eta garai bateko historia jasotzeko, desagertu aurretik. Gerra aurretik jaiotako belaunaldi hori, adibidez. Azkenaldian, hurrengo belaunaldia elkarrizketatzen ere ari gara. Besteak beste, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako historia jasotzeko. 2023an, Bergaran [Gipuzkoa] eta Elgoibarren [Gipuzkoa] euskararen historia soziala jaso eta hedatzen aritu gara, adibidez. Gazte gara gazte proiektuan, gazteei egiten dizkiegu elkarrizketak.

Belaunaldi desberdinetakoei entzunda, igarri duzue aldaketarik euskalkietan?

Ikusi dugu adinekoek eta gazteek ez dutela berdin hitz egiten, eta bai: joan dira aldatuz. Euskara batuaren eraginez eta erdaren eraginez, aldaketak ikusten dira. Adinekoak euskaraz alfabetatu barikoak dira, eta gazteak beste eragin batzuen pean egon dira.

Zer ematen die ahozko ondareak euskarari eta euskal gizarteari?

Nik uste dut euskal kultura eta euskara ezagutzeko bide bat dela. Topikoa izango da, baina nik uste dut egia dela: nondik gatozen ez badakigu, ez dugu jakingo nora joan. Adinekoen memoria hori guztia eta haien hizkera jasotzea oso garrantzitsua da euskal gizartearentzat.

Elkarrizketatuek benetan daukaten garrantzia ematen diete beren bizipenei?

Askotan, ez. Bereziki, emakumea bada elkarrizketatua, gutxiago. Etxekoandre askok esaten dute: «Nik zer kontatuko dizut. Nire bizitza ez da interesgarria izan: etxean egon naiz beti». Konturatzen direnean benetan dela interesgarria eurek kontatzeko daukatena, bi ordu eta erdiko elkarrizketak egiten ditugu.

Denetariko pasadizoak izango dituzu...

Denetik. Egia esan, oso lan aberasgarria da, eta pila bat ikasten dugu. Bat daukat gogoan. Emakume batek kontatu zidan ume zela bildots bat tokatu zitzaiola zozketa batean. Arkumea etxera eraman, eta txakur baten moduan hazi zuten: paseatzera eramaten zuten Donostiako Parte Zaharrean! Ardi bihurtu zen, eta baserri batera eraman zuten. Egun batean, etxean, zer eta bazkaltzeko bildotsa!  Zelako disgustua hartu zuen... Ez zuen jan, noski, euren bildotsa zelako. Horrelako kontu asko!


 


Lotsabako


Zuri hemendik urte askotara Ahotsak-ekoek elkarrizketa egingo balizute, zer kontatuko zenieke?
Auskalo! Niretzat errazagoa da galderak egitea erantzutea baino.