Mikel Arroyo: "Medikuok 70 ordutik gora egiten dugu lan astero"

Otsailetik ekainera bitarte, medikuek hilero astebeteko grebak egingo dituzte Espainiar Estatu osoan, eta, noski, baita Debabarreneko ospitaleetan eta osasun-zentroetan ere. Helburua: euren lan baldintza duinak eta estatutu propioa aldarrikatzea.
Mikel Arroyo: "Medikuok 70 ordutik gora egiten dugu lan astero"
2026/02/19 11:53
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Medikuak greban ikustea ez da ohikoa. Bestalde, azken asteetan irudi hori ohiko bihurtuko  da Espainiako Estatu osoan, baita Debabarrenean ere. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME) deituta, otsailetik ekainera bitartean hilero astebeteko grebak egiten ari dira, medikuentzako lan-baldintza duinak eta estatutu propio bat aldarrikatzeko. Protestek osasun-sistema publikoaren egoera eta profesionalen eguneroko errealitatea jarri dituzte mahai gainean. Grebaren arrazoiak, eskualdean duen eragina eta etorkizunari begirako erronkak hobeto ezagutzeko, Mikel Arroyo, SMEko ordezkaria Mendaroko Ospitalean, elkarrizketatu dugu.

Mikel Arroyo, SMEko ordezkaria Mendaroko Ospitalean
Zerk eraman zaituzte grebara?

Medikuok urteak daramatzagu estatutu marko berri baten zain. Gaur egun, gure soldataren zati handi bat jardunaldi osagarrien menpe dago, eta hilean gutxienez hiru guardia egin behar ditugu, ordu arrunta baino gutxiagoan ordainduta. Gainera, langile faltagatik, oporretan edo bajetan beste lankideen hutsuneak bete behar izaten ditugu, eta horrek ezinezkoa egiten du lana eta bizitza pertsonala uztartzea. Estatutu berriak egoera hori konpondu beharrean, betikotu egiten du, eta medikuen iritzia kontuan hartu gabe negoziatu da.

Eskari nagusia estatutu propio bat da. Zergatik?

Beste profesionalak ezinbestekoak badira ere, ospitaleetako egitura medikuaren figuraren inguruan eraikita dago. Era berean, gure prestakuntza askoz handiagoa da: gutxienez 10 urte behar dira osasun publikoan aritzeko, eta ondoren etengabeko prestakuntza. Erantzukizuna ere askoz handiagoa da. Nire espezialitatean, ginekologian, ia ezinezkoa da hamar urteko esperientziadun lankiderik ezagutzea auzitegietara iritsi ez dena. Ebakuntza-gelan zelataria, garbitzailea, laguntzailea edo erizaina falta liteke, baina pentsaezina litzateke kirurgialaririk edo anestesistarik gabe ebakuntza bat egitea, “ahal izan duguna egin dugu” esanez.

Zein da eskari nagusien artean premiazkoena?

Medikuak ez gara superheroiak. Ofizialki 35 orduko asteak ditugu, baina benetan 70 ordutik gora lan egiten dugu, eta langile faltarekin 90 ordura ere iritsi gaitezke. Horrek langilearen osasunean eta kontziliazio familiarrean eragin zuzena du.

Gainera, erasoak oso ohikoak dira. Hamar ordutik behin mediku batek jasaten du bat, batez ere emakumea bada. Gure lanaren parte da albiste txarrak ematea, hala nola minbizia edo gaixotasun larriak, eta askotan pazienteek edo senideek sentitzen duten frustrazioa gurekin ordaintzen dute. Urte asko behar dira egoera horiek kudeatzen ikasteko, eta bokazioagatik, emaitza txarrak etxera eramaten ditugu maiz. Estres eta erantzukizun handiarekin, eta aldi berean etengabe gaixotasunez inguraturik egonda, logikoa da medikuntza arrisku-profesiotzat hartzea.

Historikoki medikuek greba saihestu izan dute arrazoi etikoengatik. Nola bizi izan duzue hori?

Medikuok historikoki biztanleriaren bizi-itxaropena handitu dugu, eta kalitate hobearekin. Horrek esan nahi du pazienteak gero eta zaharragoak eta konplexuagoak direla. Greba egitea oso zaila zaigu, baina ulertu dugu gaixotzen bagara edo erabat agortuta bagaude, ezin diogula gizarteari behar bezala erantzun. Irtenbide bakarra da herritarren babesarekin sistema hau aldatzea; bestela, osasun-arretaren okertzera eta pribatizaziora goaz.

Nolako eragina du grebak pazienteengan?

Greban egon arren, gutxieneko zerbitzuak bermatuta daude: larrialdiak eta gaixotasun larriak artatzen ari dira. Lehen mailako arretan ere arreta ematen da, baina presarik ez duten kontsultak edo ebakuntzak atzeratu egin daitezke.

Herritarrei ulermena eskatzen diegu; greba hau ez da pribilegioak lortzeko, baizik eta gainerako langileek bezala lan- eta bizi-baldintza duinak izateko.

Zer mezu helarazi nahi diezu Eibar, Mendaro, Elgoibar eta Soraluze inguruko paziente eta herritarrei?

Herritarren babesa eskatu nahi dugu. Batetik, borrokan ari garelako Deba, Itziar eta Mutrikuko herritarrek ere gainerakoek bezala medikuarengana eta espezialistetara sarbide bera izan dezaten; gaur egun, 15.000 biztanletik gorako eremua izan arren, aukera gutxiago dituzte.

Bestetik, medikuon osasuna arriskuan dagoela, eta nekatuta edo gaixo bagaude ezin ditugula pazienteak behar bezala artatu.

Herritarren laguntza behar dugu, gure helburu nagusia Debabarreneko osasun-arreta hobetzea delako.