Idoia Urrutibeaskoa eibartarrak Aita Gabriel Jauregi saria jaso du Iruñean

Zientzia eta teknologiaren arloan euskara normalizatzearren egindako lanagatik omendu dute Abadiñon bizi den ikertzailea, Materialen Zientzia eta Teknologiaren (MZT) VII. Kongresuan.
Idoia Urrutibeaskoa eibartarrak Aita Gabriel Jauregi saria jaso du Iruñean
2026/07/06 16:58
Silbia Hernandez Arrazola

Materialen zientziaren arloko ikertzaile akademikoak eta adituak urtero biltzen dituen Materialen Zientzia eta Teknologiaren (MZT) VII. Kongresua egin berri da Iruñean, uztailaren 1ean eta 2an, eta bertako batzorde zientifikoak Aita Gabriel Jauregi saria eman dio jatorriz eibartarra den eta Abadiñon bizi den Idoia Urrutibeaskoa ikertzaileari, “zientzia eta teknologiaren arloan euskara ikertzen, irakasten eta normalizatzen egin duen ibilbide oparoagatik”.

MZT kongresua euskarak teknologiaren esparruan duen indarra eta gaitasuna nabarmentzeko helburu argiarekin egiten da. Saria emateko ekitaldian, Urrutibeaskoak arlo tekniko eta zientifikoan euskara sustatzeko erakutsi duen konpromiso sendoa nabarmendu zuten, eta ikertzaileak oso hunkituta jaso zuen ohorezko makila. Omenduak eskerrak eman zizkien antolatzaileei eta bertaratu zirenei, eta bi ezaugarri nagusi nabarmendu nahi izan zituen: aurkeztutako txosten zein posterren maila zientifiko altua, eta unibertsitateko eliteko gune batean euskara hainbesteko naturaltasunez erabiltzea.