Ignacio Agirregoikoa Benitoren omenezko kaleari izena kendu diote

Estoniako Gobernuak agindu du izena aldatzeko, Errusiako arrastoen aurka egiten ari den kanpainaren barruan
Ignacio Agirregoikoa Benitoren omenezko kaleari izena kendu diote
2024/02/27 17:33
eta kitto!

Mustveen (Estonia) Ignacio Agirregoikoa Benito eibartarraren omenezko kalea egon da orain arte, ‘Benito Agirre’ izenekoa, Estoniako Gobernuak kentzea erabaki duen arte, Errusiako arrastoen aurka egiten diharduen kanpainaren baitan.

Agirregoikoa Gerrako Umea zen eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera (SESB) bidali zuten 14 urte zituenean. 18 urterekin armada sobietarrean eman zuen izena eta hegazkinen pilotu izan zen. Bigarren mundu gerra hasi zenean, Estoniako frontera bidali zuten hegazkinarekin, nazien eta sobietarren arteko borroka tokira, eta 1944ko martxoaren 9an hil zen, Gdovatik egin zituen dozenaka irteeretako azkenean.

 

Heriotzari buruzko bi bertsio

Bere heriotzaren inguruan bertsio ezberdinak daude. Bertsio baten arabera, nazien airekoen kontrako kainoiek Agirregoikoaren hegazkina jo zuten. Beste bertsio baten arabera, Mustvee inguruan lurreratu behar izan zen, Peipus laku izoztuan, baina ez zen hil. Ostera, etsaien eremuan erori zen eta Omakaitse milizia faxista estoniarreko kideekin egin zuen topo, elkarri tiroka hasiz. Azkenean, milizia nazi estoniarraren menpe ez erortzeko, bere buruaz beste egin zuen Agirregoikoak 21 urterekin.

Bertsio bata edo bestea egia izan, 1965ean Mustveeko kale bati bere izena jarri zioten omenaldi bezala (‘Benito Agirre’ jarri zioten, izena jarri zutenek Benito deitzen zela pentsatu zutelako eta Agirregoikoa abizena laburtu nahi izan zutelako, ahoskatzerakoan ematen zituen arazoak saihesteko).

 

SESBeki loturak mozten

Sasoi hartan ohoratzeko arrazoi zena (naziengandik askatu izana), orain lotsatzeko arrazoia da Estoniako Gobernuarentzat, eta kaleari izena aldatzeko agindu zion Mustveeko Udalari.

Udalak ez zion Gobernuaren aginduari erantzun eta, jarritako epea igaro zenez, Estoniako Eskualdeen Ministerioak dekretu baten bidez erabaki du kaleari izena kentzea. Berria egunkariak jaso duenez, “ERR tokiko hedabidearen arabera, herritarrak ohituak ziren izen horretara —nahiz eta aldatua zuten, eta Benito Agirre esaten zioten kaleari—, eta ez zuten aldatzeko gogorik. 1.600 biztanleko herri txiki bat da”.

Eskualdeen Ministerioarentzat legez kontrakoa da Estoniako Errepublikaren sorreraren kontrako edota ordena konstituzionalaren aurkakoak liratekeen pertsonak edo ekintzak ohoratzea, eta horregatik ekiten dio SESBekin lotura duten halako kontuak debekatzeari.

Estoniak 1918an aldarrikatu zuen independentzia eta 1940ean SESBek herrialdea bereganatu zuen. 1991an berriz berreskuratu zuen independentzia, eta orain dela bi urtetik, Errusia eta Ukraina arteko gatazka piztu zenetik, gaiztotu egin dira muga egiten duten bi herrialdeen arteko harremanak.