Ignacio Zuloaga omenduko dute zapatuan ijitoek

Ignacio Zuloaga omenduko dute zapatuan ijitoek
2019/06/27 08:56
eta kitto!
Ignacio Zuloagak harreman estua zuen ijito herriarekin. Margolari eibartarraren lan askotan ijito herriaren bizi baldintzak eta kultura zehaztasunak islatzen dira eta, gainera, Zuloagak caló ijitoen hizkera ikasi zuen 1982an. Hori dela eta, EAEko ijito herriak omenaldia eskainiko dio hilaren 29an Eibarren.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko ijito herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako kontseiluak hainbat ekintza egingo ditu ekainaren 29an, zapatua, Ignacio Zuloaga eta ijito herriaren arteko harremana gogoratzeko. Lehenik, 12:00etan, lore eskaintza egingo da Bidebarrieta eta Zuloagatarren kaleen artean dagoen parkeko Ignacio Zuloagaren estatuaren aurrean. Omenaldiak Plaza Berrian izango du jarraipena eta 12:15ean Euskal Herriko ijito herriaren ordezkariek eta agintariek berbaldia egingo dute. 12:30ean Kezka Dantza Taldeak eta Usartza Txistulari Taldeak omenezko aurreskua (soka dantza) eskainiko diote, eta 13:00etan flamenko musika emanaldia egongo da ‘Los Vázquez’ taldearen eskutik.

Ekainaren 26koa ez da Ijito Herriak Ignacio Zuloagari eskaintzen dion lehen omenaldia. Izan ere iazko Ijito Herriaren Nazioarteko Egunean ‘Tio Ignacio’ omendu zuten Zumaian. Protokolorik gabeko ekitaldia izan zen Zuloagatarren Santiago Etxean, eta kultura eta politika munduetako ordezkariak jaso zituen.

 

Ijitoen bizitza eredua

Ignacio Zuloagaren birbiloba Ignacio Suarez de Zuloagak esan zuen moduan, “pintoreak 37 koadro egin zituen ijito motiboekin”. Aski ezagunak dira ‘Gitana del loro’ eta ‘Baile gitano en una terraza de Granada’ margoak, besteak beste, margolari eibartarrak ijito herriari zion miresmenaren erakusleak. Azken lana, gainera, Zuloagaren bizitza ereduaren adierazpena da adituen berbetan. “Inoiz baino Zuloaga argitsuenaren aurrean gaude, pintzelaren trazu bereziki finarekin eta bere ohiko indar biziarekin”, Charo Onievaren berbetan. Eduardo Quesada Dorador Granadako Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko irakaslearen iritziz, “margolariaren lan ederra da eta, era berean, bere bizitza ereduaren nolabaiteko adierazpena, gaztea zenean Granadan eta Sevillan bizi izan zuen bizitzarena hain zuzen ere. Granadako terraza horretan beharrezkoa den guztia dago: Espainiako hiri zaharren aurpegi bizia, ijitoen milikeriarik gabeko sentimendu grinatsua eta emakume espainiar eder eta sutsuak”.

Sarreran esan bezala, Zuloagak caló hizkera ikasi zuen eta horri buruz egin zuen berba Enrique Lafuente Ferrari historialariak ‘Ignacio Zuloagaren bizitza eta artea’ liburuan. “Oso ezaguna da Zuloagak ijitoenganako duen pasioa eta miresmena. Euren planta dotorea, beltzaran-koloreko gorputzen grazia, arau eta legeak burlatzeko txispa... ijitoen gauza guztiak miresten zituen Ignaciok. Gaztetatik hasi zen ijitoen hizkera ikasten eta ez zuen berak uste zuen bezain ondo berba egiten, baina nahikoa zen ijitoekin elkar ulertzeko”.

 

Ospe internazionala

Ignacio Zuloaga XIX. mendearen azkenaldiko eta XX. mendearen hasierako Euskal Herriko margolari garrantzitsuena izan zen, munduko pintura figuratiboko erabateko erreferentea izateaz gain. 1870an jaio zen Eibarren eta Madrilen, Parisen, Sevillan, Segovian eta Zumaian bizi izan zen. Hastapenetan jaioterriko eszenak margotu zituen (‘Eibarko iturria’ eta ‘Arrateko itsua’, besteak beste) eta Espainiako kostunbrismoa islatzeagatik pasa da historiara ‘Riomorosko alkatea’, ‘Zezenketaren bezpera’, ‘Herriko zezenketariak’, ‘Gregorio el Botero nanoa’, ‘Gregorio’ eta ‘Sepulvedan’ margolanekin.

Placido aita armagilea eta damaskinatuan aditua zen, eta Daniel osabak zeramikari eta margolari lanak egin zituen. Ingurune artistiko horretan hazi zen Ignacio eta gurasoek beste asmo batzuk bazituzten ere, margolaritzaren munduan murgildu zen 1888an Madrilgo Pradoko museoan Goya, Velazquez eta Grecoren margoekin liluratuta geratu ondoren.

Han eta hemen ikasi ondoren, Parisen jaso zuen ospea Ignacio Zuloagak. Edgar Degas margolariaren laguna izan zen eta Auguste Rodin eskultorea ezagutu zuen. Artista kosmopolita izan zen (1925ean New Yorken egin zen erakusketa oso ezagun bat egin zuen) eta nazioarte mailan arrakasta izan zuen Madrilen hil zen arte, nahiz eta espainiartasunaren inguruan egiten zuen interpretazio bereziak errefusa eta miresmena sortzen zuen aldi berean.

 

Bilbo Arte Ederren Museoan

Bilboko Arte Ederren Museoak Ignacio Zuloagaren ehun obra inguru bildu ditu artistaren atzera begirakoa osatzeko. 'Zuloaga 1870-1945’ izenburuko erakusketa gaurtik aurrera egongo da ikusgai, urriaren 20ra arte, eta 95 obra bildu dituzte 15 esparrutan egituratuta. Bilduma hiru aldi biografiko handitan banatuta dago eta, erakusketari hasiera emateko, Zuloagak 1890eko hamarkadan, Parisen margotutako gaztaroko obra multzo oparo eta ia ezezaguna ikus daiteke.

 

 

PROGRAMA

  • 12:00etan Lore eskaintza, Zuloagatarren kalean, Ignacio Zuloaga margolariak ijitoekin izan zuen harreman estuari omenaldia.

  • 12:15ean, ijito herriaren ordezkarien eta agintarien berbaldia eta Soka Dantza  Kezka Dantza eta Usartza Txistulari taldeen laguntzaz.

  • 13:00etan, Eibarko Bizikleta plazan,  Los Vazquez flamenko taldearen ikuskizuna.