II. Errepublikaren aldarrikapena eta Memoria Demokratikoaren Leku izendapena ospatuko ditu bihar Eibarrek
Bihar (martitzena, apirilak 14) goizean, Untzaga plazan egingo den ekitaldi instituzionalarekin ospatuko ditu II. Errepublikaren aldarrikapena eta Memoria Demokratikoaren Leku izendapena Eibarrek. Egitaraua 10:30ean hasiko den ekitaldi instituzional batek zabalduko du, ofizialki Memoria Demokratikoaren Leku izendatu den Untzaga plazan. Horrela, plaka berri bat jarriko da udaletxean, 1931ko II. Errepublikaren aldarrikapenean izan zuen garrantzi historikoa aitortuz.
Oroitzapen eta aldarrikapen-jarduera horretan, udal ordezkariekin batera, Espainiako Gobernuaren zein Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak egongo dira: Pablo Bustinduy Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako ministroa, Fernando Martinez Memoria Demokratikoaren Estatuko idazkaria, eta Arritxu Marañon Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordea, besteak beste.
Udaletik adierazi dutenez, “ospakizunean, musika-aktuazioekin batera, zenbait gogoeta irakurriko dira, solemnitatea eta parte-hartzea konbinatuko dituen formatu batean, memoria demokratiko herritarrei hurbiltzeko xedez”.
Jon Iraola Eibarko alkateak herritarrak gonbidatu nahi ditu jarduera honetara: “Eibar protagonista izan zen gure herriko historiaren une garrantzitsu batean. Une hori oroitzea ez da soilik memoria-ekintza bat; une hori gogoratzea konpromiso bat da gaur defendatzen ditugun balio demokratikoekin. Eibartar guztiak daude gonbidatuta ekitaldi honetan parte hartzera, denona eta denontzat da-eta”.
Egun berean, arratsaldeko 19:00etan, Coliseoan mahai-inguru bat egingo da “Avances sociales de la II República y el papel de las mujeres” izenburupean; bertan parte hartuko dute Cristina Almeidak, Manuela Carmenak eta Paquita Sauquillok, eta Irene Hernando izango da moderatzailea.

