II. Rallysprinta zapatu honetan jokatuko da, 14.30etatik aurrera
Zapatuan, hilaren 27an jokatuko den II. Rallysprint El Corte Inglés Eibar lasterketaren aurkezpena egin dute gaur (eguaztenean, hilaren 24an) Escuderia Eibar-eko ordezkariek, Miguel de los Toyos alkatearekin eta probaren babesleetako batzuekin batera.
Euskadi Rallysprint eta Gipuzkoako Rallys txapelketarako puntuagarria den proba jokatu ahal izateko, Arraterako errepidea 13.30etan itxiko dute eta lehen manga, berriz, 14.30etan hasiko da. Jarraian beste manga biak jokatuko dira. Sari banaketa ekitaldia, berriz, El Corte Inglés merkataritza gunean bertan egingo dute, behin probak amaituta, 20.30etatik aurrera. Berritasunen artean, aurten Regularidad Sport automobilek parte hartuko dute. Bestalde, ibilbidea helmuga inguruan 0'44 kilometro luzatu dutela-eta, bihar (eguena, hilak 25) errekonozimendua egiteko aukera izango du nahi duenak. Arrateko igoerarekin lotutako informazio guztia Escuderia Eibar-en webgunean eskuragarri ipini dute.