Ikasleak eta abesbatzak Santa Agedari koplaka
Gaur (martitzena, hilak 4) Santa Ageda bezpera da eta, ohiturari jarraituta, goizean Santa Agedari koplaka ibili dira ikastetxeetako umeak, batzuk eskola barruan eta beste batzuk, argazkian ageri diren San Andres ikastetxekoak moduan, kalejiran ibili dira (ikusi bideoa hemen). Arratsaldean, berriz, nagusien txanda izango da. Sostoakoak 19.30etan irtengo dira: erdialdean (Toribio Etxebarrian, Ongi Etorri parean) hasi eta, jarraian, Urkizu aldera joango dira kantuan. Kalejira amaitzean, Bekuak elkartean salda eta txorizoa hartuko dute, Auzokoak batzordeak gonbidatuta. Eibarko Kantuzaleak 19.00etan Untzagan batu eta Ipurua aldera kalejiran irtengo dira eta ordu erdi geroago, 19.30etan Kaleetan Kantuz abesbatzaren txanda izango da, Urkizutik hasita.