Ikasten elkarteak presidentea aldatuko du eguenean egingo duen Asanblada Orokorrean

Karguan bost urte egin ondoren, Patxi Mutiloak Mertxe Arriolari lagako dio tokia.
Ikasten elkarteak presidentea aldatuko du eguenean egingo duen Asanblada Orokorrean
2025/02/12 10:10
eta kitto!

Ikasten elkarteak Ohiko Batzar Nagusia egingo du eguenean, otsailaren 13an, 11:00etan Armeria Eskolan. Bertan, 2024. urteko balantzea egingo dute, eta Ikasten eta Esperientzia Eskolaren egoeraren berri emango dute. Iaz egindako jardueren inguruan ere arituko dira. Gainera, presidente-karguan aldaketak egingo dituzte: bost urtez presidente karguan egon eta gero, Patxi MutiloakMertxe Arriolari lagako dio tokia.

Mutiloak karguan egin dituen bost urte hauek lan handikoak izan direla adierazi dute: “Denetarik egon da, hasi eta berehala pandemia egoera bati aurre egin behar izan baitzion. Ekintza guztiak berrantolatu behar izan genituen, eta urtebetean egiten den ikastaroa bitan egin behar izan genuen”.

Ikastenen jarduerek zerikusi handia dute Esperientzia Eskolako promozio bakoitzak garatzen dituen proiektu sozialekin (‘Berriketan’, ‘Marea Gora’ eta ‘Agurtzen’, adibidez), eta jendearen parte-hartze eta inplikazio handiari esker, jarduerek arrakasta izaten dutela eta oso ondo baloratuta daudela nabarmendu dute: “Jarduera batzuetan aforoarekin arazoak izaten ditugu, jende asko etortzen ari baita, eta topera gaude”. Gauzak horrela, Ikasten elkarteaa osasuntsu dagoela diote, “bai jarduera aldetik, eta baita ekonomia aldetik ere”. Mutiloaren esanetan, “noizbait egoera ekonomikoa delikatua izan zen, baina orain guztiz finkatuta dago”.

Bi erronka
Presidente kargua utzi arren, Mutiloak Ikasten elkarteko kide izaten jarraituko du, hainbat batzorde eta jardueratan parte hartuz: “Batzordeek ia modu autonomoan funtzionatzen dute, eta zuzendaritzak babesa eta laguntza eskaintzen die”.

Mutiloak azpimarratu duenez, Ikastenek bi erronka nagusi ditu orain: “Lehena, gizon gehiago gerturatzea. Gaur egun, proportzioa 80-20koa da. Eta bigarrena, bulego propioak izatea, gaur egungo bulegoa beste batzuekin partekatzen dugulako”. Mertxe Arriolak “ilusio handiz” helduko die erronka horiei. Gaineratu duenez, “Eibartik haratago, Debabarreneko beste herrietatik jende gehiago etortzea nahi dugu”.