Ikasturteko azken alea kaleratu du Txikitto! aldizkariak
Egun hauetan banatzen ari dira TXIKITTO aldizkariaren 233. alea Eibarko ikastetxeetan LHko ikasleen artean (hemen daukazu PDF formatuan).
Ikasturte amaierara iristen ari gara eta, aitortu digutenez, San Andres eskolako ikasleak ere oporrak hartzeko irrikitan daude. Ikasturtea polita izan da, asko ikasi dute eta baita ondo pasatu ere, baina heldu da lagunekin kalean jolasten egoteko, hondartzara edo igerilekura joateko, edota bidaiatzeko unea, eta laukote honek badu horretarako gogoa.
Hori bai, oporrak hasteko, San Juan jaiak ospatuko ditugu lehenik. Milaka ekintza edukiko ditugu herrian, baita barrakak ere, eta oso egun bereziak izango dira eibartarrontzat. Hemen eurekin egin dugun bideoa:
"Gure nagusiekin berbetan" atalean, Chelo amama eta Noa eta Erik ilobekin elkartu gara Urkizu eskolan. Solasaldi polita izan dugu eurekin eta hau izango da aurtengo ikasturteko azkena. Espero dugu zuen gustukua izatea.
Hori guztiaz gain, ikastetxeetako berriak, Sanjuanetako egitaraua, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.
Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. ...eta kitto! Euskara Elkarteak sustatuta, Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago. ALDIZKARIAK DESKARGATZEKO / BIDEOAK IKUSTEKO