Ikasturteko lehen alea kaleratu du Txikitto! aldizkariak

Ikasturteko lehen alea kaleratu du Txikitto! aldizkariak
2026/11/02 15:46
Ana Aizpurua

Egun hauetan banatu da TXIKITTO aldizkariaren 242. alea Eibarko ikastetxeetan LHko ikasleen artean (hemen daukazu PDF formatuan).

Urkizu Herri Eskolako ikasleek galdera bitxi eta dibertigarriei erantzun diete Txikitto! aldizkarian. Maila bakoitzeko ikasle bana elkartu dugu, eta askotariko erantzunak eman dituzte: janari-nahasketa arraroenetatik hasi eta aukeratuko lituzketen superbotereetaraino. Batzuek ikusezin bihurtu nahi dute, beste batzuek hegan egin, eta bada maskota hiztun batekin zer egin ez dakiena ere. Ez galdu!

"Gure nagusiekin berbetan" atalean, Ander eta Jose Manuel Iriondo dira ikasturte honetako gure lehen elkarrizketatuak. Ilobak 9 urte ditu eta aitxitxak 73, baina adinean alde nabarmena badago ere, oso harreman estua dute. Ea bikoteak zer kontatzen digun!

Hori guztiaz gain, ikastetxeetako berriak, sukal-saltsan atala, irakurketa gomendioak, denborapasak, txisteak, ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. ...eta kitto! Euskara Elkarteak sustatuta, Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago. ALDIZKARIAK DESKARGATZEKO