Iker Aranberrik irabazi du poesiako Xabier Lete saria

'Baden Verboten' izeneko bildumarekin lortutako «heldutasun poetiko harrigarria» nabarmendu du epaimahaiak. 12.000 euro jasoko ditu egileak, eta lana liburu modura emango dute argitara.
Iker Aranberrik irabazi du poesiako Xabier Lete saria
2024/09/17 11:30
eta kitto!

Berriako Iñigo Astiz kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

Alemanez idatzitako debeku ohar bat da titulua: Baden Verboten. «Debekatuta dago bainatzea». Esaldi hori hautatu du Iker Aranberrik (Eibar, Gipuzkoa, 1978) bere poema bildumari titulua emateko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Xabier Lete Nazioarteko Poesia Saria irabazi du hari esker. 12.000 euro jasoko ditu egileak, eta bilduma «edizio arduratsu batean» argitaratuta ikusiko du, aldundiak zehaztu duenez, poesia argitalpenean «ospe handia» duen argitaletxe batean. Martxoaren 21ean egingo dute sari banaketa, Poesiaren Nazioarteko Egunean, gala saio batean.

Aranberriren lanaren «heldutasun poetiko harrigarria» nabarmendu du epaimahaiak; «bai edukiari dagokionez, bai egiturari, iruditeriari eta hizkuntzari dagokienez». Azaldutakoaren arabera, askotariko gaiak landu ditu, eta nahiz eta hasieran iruditu elkarren arteko loturarik ez duten testuek osatua dagoela, osotasun bakar eta trinko bat osatzen dute guztien artean.

Haren idazkera «bizia, aberatsa eta egokia» dela ere zehaztu dute, eta euskara baliatzeko duen modua laudatu: «Bistakoa da euskararen aukera guztiak sakon ezagutzen dituela —eta letra larriz erabiltzen ditu—, hori gabe ezin baita honen moduko proiektu poetiko handinahi bat gauzatu». Bilduman hainbat filosoforen aipuak biltzen direla ere esan dute. Egileak naturaren ezagutza sakona erakustea laudatu dute, halaber, eta, epaimahaiaren hitzetan, «garrantzi handikoak» dira jakintza horretatik eratorritako irudiak.

Aranberrik aurrez ez du beste lanik argitaratu, eta, ondorioz, Baden Verboten izango du lehena.

 

Maila handia

Guztira hamasei lan aurkeztu dira lehiaketara, eta haien artean apartatu dute Aranberrirena. Epaimahaiak azaldu duenez, ordea, ez da lan erraza izan, adierazi baitute aurkeztutako bildumak «maila handikoak» direla. Eta, batez ere, aurkeztutako bi edo hiru lanena nabarmendu dute. «Horrek asko zaildu digu irabazlea aukeratzea».

Zazpigarren aldiz eman du sari hau Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bi urtean behin ematen dute, eta, aurreko aldietan, Karlos Linazasorok, Luis Gardek, Asier Serranok, Juanjo Olasagarrek, Jon Gerediagak eta Nerea Arrien idazleek jaso dute. Xabier Leteren izena izan du hasieratik, eta egile hark lortutakoa goraipatu du Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak: «Lortu zuen euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzea, eta humanismoan eta balioen defentsan oinarritutako euskal identitatea eraikitzen lagundu zuen».