Iker Lasuen eta Aitziber Urkiola: “Ondo, erdipurdi ala gaizki joan zaitezke, baina Boulevardean indar guztia ateratzen zaizu”
Ia 28.000 korrikalarik egingo dute Behobiatik Donostiako bidea domeka goizean. Horien artean eibartar asko egongo dira. Urtero ehun eibartar inguru izaten dira Behobiako irteeran eta aurten ere ohiturari eutsiko diote askok; beste batzuk, aldiz, estreinakoz parte hartuko dute. Haientzako baliagarriak izan daitezke lasterketaren inguruan Iker Lasuenek eta Aitziber Urkiolak kontatu dizkigutenak.
Behobia-Donostiaren 60. edizioa ospatuko da aurten eta elastiko morea banatu dute ‘50/50 Egin dezagun posible’ leloarekin. Izan ere, aurtengo edizioko parte-hartzaileen erdia emakumezkoak izatea zen euren helburua eta, lortu ez duten arren (%33,86 izango da), inoiz baino emakume gehiagok hartuko du parte. Aitziber Urkiola, azken bi urteetan huts egin ondoren, bertan izango da aurten. Iker Lasuen, bestalde, Eibartik joaten den tropelaren zati handi bat garraiatzen duen autobusa antolatzen ibiltzen da eta, aurten parte hartu ezin izango duen arren, zeharka begiratuko dio bertan gertatzen denari.
Artikuluaren amaieran ikusi ditzakezue Eibartik joaten diren korrikalarien argazki batzuk. Zorterik onena aurten parte hartuko dutenei!
Badakizue zenbat Behobia-Donostia lasterketatan parte hartu duzuen?
AITZIBER: 12 ediziotan parte hartu dut. Haurdunaldiengatik eta pandemiarengatik ezin izan nintzen egon, eta gero, pare bat ediziotan ez parte hartzea erabaki nuen. Egia da bi urte horietan, Behobiako data heltzerakoan, pena eman didala bertan ez egoteak eta aurten horregatik animatu naiz berriz.
IKER: Aurtengoa nire 10. edizioa izango litzateke, baina zoritxarrez ezin izango dut egin, lesio bat tarteko. Pena handia ematen dit bertan ez egoteak.
Normalean, nola egiten diozue aurre lasterketari? Zein helbururekin?
AITZIBER: Behobian dudan markarik onena (1:22:03) hobetzeko helburuarekin noa. Ia hobetzen dudan eta, ez badut lortzen, ez da urteko helburua, beraz lasai. Aurtengo triatloi denboraldia irailera arte luzatu dut eta Behobiarekin amaiera emango diot. Entrenamendu askorekin heltzen naiz, agian pixka bat nekatuta, baina gogotsu.
Gertu ikusten duzu marka hobetzea?
AITZIBER: Hor-hor egon naitekeela uste dut. Ateratzen dena ondo egongo da.
Azkenean, lasterketa batean faktore asko sartzen dira jokoan. Den-dena ez dago zure esku.
AITZIBER: Hori da, jende asko dago, eguraldiak garrantzia du, lesioak, tripak nola dauden... Tripekin izan ohi ditut komeriak batzuetan.
Zuk Iker, nola egin ohi diozu aurre?
IKER: Nire kasua ezberdina da. Bederatzi aldiz hartu dut parte eta nire marka onena 1:52:00 da. Hortik ez naiz jaisten, ez dakit zergatik, beste maratoi erdi batzuetan marka hobea dut-eta. Ez dakit besteak lauagoak direlako edo, baina Behobia txarto kudeatzen dut. Dena dela, niretzat Behobia urtero egin beharreko lasterketa bat da, garrantzi asko du urtero bertan egoteak. Marka hobetzen badut, pozik, baina hala ere egin egin behar dut, horrek esan nahi baitu urtean zehar korrika egiten ibili naizela.
Lasterketaren egunean, hasi baino lehen, baduzue ohitura edo erritualik?
AITZIBER: Komunetik pasatzea, eta hiru aldiz (barreak). Ez dakit zergatik, baina hiru aldiz joan banaiz, ondo noa.
IKER: Antolakuntzakoek horregatik jarriko dute hainbeste komun irteeran. Demaseko ilarak egoten dira! 20 lagun izan ditzakezu aurretik eta ez doaz txiza egitera, eh! Urduritasun kontua izan ohi da. Nik neuk ez dut ezer berezirik egiten hasi aurretik. Kafea hartzen dut, lagunekin egon... baina lasterketa amaitzerakoan bai, emaztea eta umeak etortzen dira eta han bazkaltzen dugu. Azkenengo edizioetan oso eguraldi ona egin du eta itsasoan bainua hartzen amaitu dut. Demaseko hotzarekin, baina hankak erlaxatzeko, bikain.
Biak joaten zarete Eibartik irteten den autobusean. Iker, zu ibiltzen zara hori antolatzen. Nola hartu zenuen ardura?
IKER: Orain dela lau urte hasi nintzen autobusa antolatzen. Lehen, Manolo Dosunak zuen ardura. Askasibarren orri bat lagatzen zuen eta bertan apuntatzen zen jendea. Berak laga zuenean, mutil batek hartu zuen ardura urtebetez eta hurrengo urtean apuntatzeko deitu nionean, esan zidan ez zuela antolatuko. Orduan, Behobiara nola joan aztertzen hasi nintzen, Eibarbusen aurrekontua eskatu eta proposamena sare sozialen bitartez zabaldu nuen. Autobusa ez zen bete, baina taldea sortu genuen eta joan ginen, eta hurrengo hiru urteetan bete da, eta lagun batzuk itxaron-zerrendan gelditu dira. Aurten, 64 lagun joango dira Eibartik autobusean.
Zer du Behobiak hain lasterketa esanguratsua izateko?
AITZIBER: Askok esaten duten bezala: jendea. Kilometro guztietan dago jendea animatzen eta hori asko estimatzen da. Beste lasterketa batzuetan helmuga inguruan pilatzen da jendea eta kitto. Eta hori Euskal Herrian kirolerako zaletasuna dugula kontuan hartuta!
IKER: Ados nago. Hori oso polita da. Behobiatik Donostiara, errepide ertzean ez dago hutsunerik. Donostiko Boulevardean sartzea pasada bat da. Ondo, erdipurdi ala gaizki joan zaitezke, baina hor indar guztia ateratzen zaizu.
Animoak ondo etorriko dira, zeren eta 20 km dira eta ibilbidea ez da batere laua.
AITZIBER: Ez da ibilbiderik errazena.
IKER: Txarrena izaten da, nire kasuan behintzat, oso azeleratuta hasten bazara, Mirakruz gainean ikusten duzula zeinen txarto kudeatu duzun lasterketa (barreak).
Hainbeste alditan eginda, ibilbidea ezagutzeak laguntzen dizue?
IKER: Nik ez du asko ikasi! Bederatzi aldiz irten eta beti egin dut berdina (barreak). Agian beste maila batean dabiltzanak...
AITZIBER: Niri ere gertatzen zait, ez pentsa! Fuerte hasten zara, emozioarekin, eta erregulatu egin behar da igoeretan, jaitsieretan sakatu... Ondo kudeatu beharreko lasterketa da.
Zein aholku emango zeniokete aurten Behobia-Donostia lehen aldiz egingo duen bati?
IKER: Amateur bezala, esango nioke pixka bat kontrolatzeko eta nik egiten ditudan erruak ez egiteko. Beti hasten zara zuk ahal duzuna baino abiadura handiagoan eta gero ordaintzen duzu. Niri Mirakruzen gertatzen zait, 17. km-an, baina beste bati 10. km-an gertatu ahal zaio eta gero beste 10 km ditu egiteko. Nik 3 km pena ematen, tira, egin ditzaket, baina 10 km horrela egitea oso gogorra da.
Jatekoa eta edatekoa ere ondo kudeatu behar da edo ez da hain lasterketa luzea hortaz kezkatzeko?
AITZIBER: Bai da arlo garrantzitsua eta, bero asko egiten badu, are gehiago. Bidean dauden anoa-postuetan ura edo edari isotonikoak hartzea eta 13. km inguruan gatza eta azukrea duen gel bat hartzea garrantzitsua da. Aurreko egunetan ere garbi jatea, ondo hidratatzea... garrantzitsua da.
Eta gozatzea!
BIEK: Noski, hori batez ere!