Iker Rokandio eta Amaia Agirregabiriari elkartasuna azaltzeko ekitaldia egingo da zapatuan Txaltxa Zelaian
2017/10/18
16:15
eta kitto!
Pasaian 2013. urtean trafiko afera modura hasi zen liskarraren harira Amaia Agirregabiria alkate ohiarentzat eta sasoi hartan jarduneko idazkaria zen Iker Rokandio eibartarrarentzat kartzela zigorra ezartzeko epaiaren aurrean, beste herri batzuetan bezala Eibarren ere elkartasuna adierazteko ekitaldia antolatu dute zapatu honetarako, 12:30ean Txaltxa Zelaiko auditorioan. Ekitaldia eibartarraren lagunek antolatu dute eta, idatziz adierazi dutenez, "Orain dela 4 urte, Pasaian, bertako herritar batek kotxea gaizki aparkatuta zuela, bi udaltzain agertu ziren, hauek grua eskatu, herritarra eta udaltzainen artean liskar handia sortu, eta handik gutxira auzitegian elkarri salaketak ipini zizkioten. Salaketak bertan behera gera zitezen akordiora iritsi ziren, baina horietako udaltzain bat ez zen gustura geratu eta Alkatea (Amaia), udal idazkaria eta udal idazkari suplentea (Iker) salatu zituen auzitegian. Lehenengo epaian Iker eta Amaia urte t´erdiko kartzelaldira zigortu zituzten, baina aurrekari penalik ez zutenez, ez zuten kartzelara joan behar, BAINA ... Udaltzainak epaia errekurritu eta orain dela gutxi epai berriak bi urte t´erdiko kartzela zigorra ezarri die. Egoera gordin eta kafkiano honen aurrean Ikerri eta Amaiari gure elkartasuna eta babesa adierazteko Txaltxa Zelaiko harmailetan argazkia ateratzearekin batera, Pasaian egiten ari diren moduan sinadurak biltzeari ekingo diogu, kartzelara joan behar baldin badute ere, kartzelaldia ahalik eta laburren izan dadin".