Imanol Egidazu eta Raquel de Diego: “Atletismoan bidea egitea zaila da, horregatik dira garrantzitsuak ikasketak”

Egidazu De Diego familiak sari nagusia jaso zuen Eibarko Kirol Sarietan
Imanol Egidazu eta Raquel de Diego: “Atletismoan bidea egitea zaila da, horregatik dira garrantzitsuak ikasketak”
2025/01/10 11:28
eta kitto!

2024. urtea biribildu zuen abenduaren 31n Egidazu De Diego familiak Eibarko Kirol Sari Nagusia jasotzearekin. Imanol semeak aurrerapauso erraldoiak dihardu ematen atletismoaren munduan eta Raquel eta Iñigo gurasoen lana ezinbestekoa da hori horrela izateko. Izan ere, aita da semearen entrenatzailea eta amak berebiziko lanak egiten ditu atleta gaztearentzat testuinguru egokiena eskaintzeko.

Negua lasai antzean hartuko du Imanol Egidazuk eta udaberritik aurrera lehiatuko da dekatloian. 19 urterekin, 23 urtez azpikoen mailan arituko da aurten estreinakoz, baina horrek ez du kikiltzen. Kontrara, gogotsu dago bere maila erakusteko. Etxean antolatu duten goi-errendimenduko guneari buruz jardun dugu berarekin eta amarekin, aita ezin izan baita solasaldira etorri.

 

Zer izan da zuentzat 2024ko Eibarko Kirol Sari Nagusia jasotzea?

IMANOL: Demaseko meritua du sari hori eskuratzeak. Oso lagun gutxik lortu dute eta oso berezia da irabaztea. Oso pozik hartu dut.

Nolakoa izan da zuen 2024a?

IMANOL: Arlo pertsonalean ondo joan da, 2023aren antzera. Atletismoari dagokionez, urtero-urtero hobetzen noa. Aurreko urtean, 20 urtez azpiko Europako Txapelketan egon nintzen Jerusalemen, eta aurten Munduko Txapelketan egon naiz Perun. Mundiala ez zen ondo irten -lehenengo egunaren ostean erretiratu egin zen intoxikazio batengatik-, baina bestela hobetzen joan naizela esango nuke eta 2025ean are hobeto ibiltzea espero dut.

RAQUEL: 2024an, gainera, Santurtzin ikasketak egiten hasi zen eta horrek hainbat aldaketa ekarri zizkion, egoera horretara ohitu behar izanik. Bestalde, kirol arloan gauzak oso ondo joan dira. Adibidez, 20 urtez azpiko Espainiako bigarren markarik onena lortu zuen. Mundialean gertatutakoa pena izan zen, helburu anbiziotsuagoak zituelako (adibidez, Espainiako errekorra lortzea), baina denboraldi ona izan dela esango nuke.

Imanol, Coliseon egin zenuen hitzaldian familiak egindako lana goraipatu zenuen. Zu lehiatzen zara, baina nolako garrantzia du gurasoek egindako lanak?

IMANOL: Egia esan, emaitzaren %90 atletaren esku dago, baina kontuan eduki behar da etxera iristen naizenean janaria eginda dagoela, amak gauza askotan laguntzen didala... Hori demasa da niretzat. Bakarrik biziko banintz, etxeko gauzak nik egin beharko banitu, gurasoek hara eta hona eramango ez banindute, entrenatzaile gabe den-dena nik zuzentzen... askoz ere zailagoa izango litzateke. Beraz, beste %10 hori oso garrantzitsua da.

Raquel, zuek nola hartzen duzue lan hori?

RAQUEL: Hasteko, sari hau jasotzea demaseko ezustea izan da niretzat. Etxean esaten dugun bezala, zein gurasok ez dio bere seme edo alabari laguntzen? Kirolean, musikan, dantzan ala edozein arlotan. Egia da dekatloiak asko eskatzen duela arlo logistikoan. Adibidez, 5 metroko luzera duten pertikak eraman behar ditugu lehiaketara. Beste arlo garrantzitsu bat elikadura da. Adibidez, lehiaketetan, atsedena duen tarteetan oso garrantzitsua izaten da jatea eta hori bideratzen saiatzen naiz. Imanolek esan duen bezala, etxean gauza askorik egin ez dezala saiatzen naiz. Hori bai, batzuetan haserretu egiten naiz (barreak). Baina egia da klasetik etorri, jan eta berehala joaten dela entrenatzera. Egunero entrenatzen du eta Iñigo senarra da Imanolen entrenatzailea onera eta txarrerako, beraz, beste gauzez ni arduratzen naiz.

Zergatik onerako eta txarrerako?

RAQUEL: Batzuetan, entrenatu ondoren etxera itzultzen dira eta, gauzak ondo joan badira, oso pozik datoz, baina gauzak gaizki irten badira, haserre etortzen dira, bakean laga behar zaie momentu batez eta Xabier beste semearekin batera bitartekotza egiten dugu. Biak dira burugogorrak (barreak).

Atleta askok Errendimendu Handiko Zentroetara jotzen dute, baina zuek etxean prestatu duzue horrelako zentro bat, moduren batean. Imanol, zuk nahiago duzu horrela izatea?

IMANOL: Bai, familiarekin egotea dut nahiago. Inoiz ez naiz Errendimendu Handiko Zentroren batean izan, baina lagunak ditut horrelako tokietan eta, ikusten dudanez, lagunekin zaude, baina ez etxean, eta azkenean ez da gauza bera: ez da janari berdina; entrenatzaileak konfiantzazkoak dira, baina ez dira zure gurasoak... Abantailak eta desabantailak dituzte zentro horiek, eta nik nahiago dut etxean egon.

Kontua da zuen egiteko moduak oso emaitza onak eman dituela orain artean.

RAQUEL: Bai, baina meritua Imanolena da. Azkenean, egunero lanean ari dena eta minarekin edo min gabe lehiatzen dena bera da. Guk lagundu egiten dugu, lana erraztu, besterik ez.

Maila gorenean ari zarete. Horrek gehiago eskatzen dizue? Formakuntza gehiago, hobekuntzak bilatzea... Horri eustea ez da batere erraza izango.

IMANOL: Alebin mailan aita nuen entrenatzaile eta orain, 23 urtez azpikoetan, horrela izaten jarraitzen du. Alebinetan pentsatzen zuen 16 urtez azpikoetan lehiatzeko pixka bat gehiago egin behar genuela, eta lortu genuen. Aurrera egin ahala, horrela izan da, eta orain ere antzerakoa izango dela uste dut. Esfortzu gehiago egin beharko dugu, baina lortuko dugu.

RAQUEL: Denbora horretan Iñigo formatzen joan da, gauza berri asko ikasi ditu. Adibidez, entrenamenduak bideoan grabatzeko moduak bilatu dituzte gero, etxeko lasaitasunean, zuzenketak egin ahal izateko.

IMANOL: Bidea elkarrekin egin dugu eta elkarrekin ikasi dugu.

RAQUEL: Beste gauza on bat da Iñigo Imanolentzat bakarrik dagoela.

IMANOL: Zentzu horretan, batzuetan bai da aspergarria bakarrik entrenatzea, eta noizbait etortzen dira Eibarko batzuk nirekin entrenatzera, baina egia esan ohituta nago bakarrik entrenatzera, ia beti izan delako horrela.

RAQUEL: Onena da Imanolek argi duela zer nahi duen. Berarentzat ez da inolako sakrifizioa asteburuetan gauez ez irtetea eta, agian, bere adineko beste norbaitentzat bai.

IMANOL: Argi daukat noiz ibili behar naizen serio entrenatzen eta noiz ibili naitekeen lagunekin irteten. Oreka eduki behar da. Ezin da urte osoan buru-belarri entrenatzen bakarrik ibili, baina ezta astebururo irteten ere. Oreka osasuntsua eduki behar.

Nola sartu zen atletismoaren hazia familian?

IMANOL: Aitak atletismoa egin zuen gaztetan eta etxean bideoak, garaikurrak eta abar ikusi nituen. Nire kasuan, txikitatik izan naiz nahiko bihurria, mugitua, eta ez nintzen motela. Lagunen artean azkarrena nintzen eta batek esan zidan atletismoan izena emateko. Horrela egin nuen eta gaur egunera arte.

RAQUEL: Gure etxean kirola beti egon da presente. Iñigo atleta izan zen eta nik eskubaloian egin nuen. Xabier eta Imanol semeek multikiroletan izena emateko aukera izan zutenean ez genuen zalantzarik eduki, izena eman behar zuten bertan egiten diren kirolak probatzeko eta, gero, eurek aukeratzeko zer egin nahi zuten. Imanolek atletismoa aukeratu zuen eta Xabierrek waterpoloa. Eskubaloian egitea gustatuko litzaidake, baina tira (barreak).

Entrenatzailea izateaz gain, Iñigok atletismoan lehiatzen jarraitzen du. Zertan aritzen da?

IMANOL: Aurten entrenatzaile lanetan ibili da gehiago eta ez du denbora askorik izan bere probak prestatzeko, baina hor dabil Master mailan.

RAQUEL: Gaztetan 400 metroak eta hesi-lasterketak egiten zituen, batzuetan 300 metroak ere. Gero atletismoa laga zuen, semeak eduki genituen eta, urte batzuk geroago, berriro hasi zen lehiatzen Master mailan eta hainbat domina irabazi ditu. 60m (pista estalian), 100m eta hesi-lasterketetan (100m eta 400m) aritzen da.

Imanol, zergatik hartu zenuen dekatloiaren bidea?

IMANOL: Txikitan, Inma Urkiolarekin, atletismo proba guztiak entrenatzen nituen. Izan ere, alebin mailan ez genuen proba jakin bat bakarrik egiten, denak egiten genituen. Normalena da denak probatzea, eta gero proba batean espezializatzea; baina nire kasuan, abila nintzenez, Inmak denak egiten jarraitzeko gomendatu zidan. Egia esan, sasoi horretan ez nekien dekatloia zer zen ere.

RAQUEL: Proba guztietan oso ondo aritzen zen. Dekatletak atleta konpletoenak direla esan ohi da. Adibidez, iazko Europako Txapelketan ez zen dekatloia egitera joan, 400m hesi-lasterketa baizik. Ez da oso ohikoa atleta batek diziplina ezberdinetarako gutxieneko markak lortzea.

Imanol, dekatloian zein da zure proba kuttuna? Eta gutxien gustatzen zaizuna?

IMANOL: Hesi-lasterketa gustatzen zait gehien eta pisu-jaurtiketa gutxien. Hori egiten zait aspergarriena.

Dekatloian hamar proba egin behar dituzue. Proba batzuk beste batzuk baino gehiago prestatzen dira? Denak dira garrantzitsuak?

IMANOL: Proba guztiak prestatu behar dira. Agian, 1.500m-ko proba ez da prestatzen, serieak egiten dira, baina beste proba batzuetarako ere antzera egiten dugu (100m eta 400m, adibidez). Beste probetan teknika asko landu behar da, batez ere hesi-lasterketan eta pertika-jaurtiketan.

Zeintzuk dira 2025erako dituzuen helburuak?

IMANOL: Pista-estaliko txapelketetan ez naiz arituko. Orain dela egun batzuk heptatloian ibili nintzen, nolakoa zen ikusteko. Izan ere, 23 urtez azpikoetan gauza batzuk aldatu egiten dira (hesien tamaina, adibidez). Helburu nagusiena udan ondo egotea eta minik ez edukitzea da. 23 urtez azpikoen Europako Txapelketa egingo da eta bertan egotea gustatuko litzaidake. Joatearekin konformatzen naiz, baina gero pikatu egiten naiz eta seguru dominaren bat lortzea nahi dudala (barreak). Aurretik, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan lehiatuko naiz apirilean eta ekainean, hurrenez hurren.

Eta epe luzera zeintzuk dira helburuak?

IMANOL: Momentua bizi dut. Lagunek, hain emaitza onak lortzen ari naizela ikusita, Joko Olinpikoetara noiz joango naizen galdetzen didate, baina esatea erraza da eta egitea oso zaila.

RAQUEL: Joko Olinpikoetara joateko gutxieneko marka lortu arren, bertara joateko Espainiako Federazioak kuotak jartzen ditu eta aukerak murritzak dira. Hau da, oso ona izan behar zara tokia izateko. Momentuz txapelketa handietan egon da, eta garrantzitsuena momentu horietaz gozatzea da. Gero gerokoak. Atletismoan bidea egitea zaila da eta horregatik garrantzi handia ematen diegu ikasketei.