Iñaki Saez eta Asier Heriz sakabanaketa politikaren biktimak gogoratzeko hitzaldia eta enkartelada antolatu dituzte lagunek
2026/06/29
14:08
Silbia Hernandez
Preso bati bisita egitera zihoazenean auto istripuz hil ziren Iñaki Saez eta Asier Herizen heriotzen 25. urteurrena beteko da aurten eta, horren harira, Eibarko eta Amañako Iñakiren lagunek hitzaldia antolatu dute Egiari Zor fundazioko kidea den Pilar Garaialderekin, uztailaren 2an, eguena, 19:00etan Portalean.
Horrez gain, uztailaren 3an, barixakuan, Amañako txupinazoaren aurretik, arratsaldeko 18:45ean enkartelada egingo dute, “Iñaki eta Asier gogoratzeko, eta behar duten aitortza aldarrikatzeko”. Antolatzaileen berbetan, “Iñaki eta Asier, dispertsioak eragindako hamalau biktimekin batera, ez ditugu ahazten, eta gure oroitzapenetan eta herri honen memorian daude. Hamasei pertsonen bizitza eraman du dispertsioak; inongo aitortza ofizialik ez duten hamasei lagun. Eta aitortza behar dute; euskal gatazkan izandako gainerako biktimek bezala”. Herritari guztiei deialdi zabala egiten diete, ekitaldiotan parte har dezaten.