Indalezio Ojanguren Sari Nagusia Jose Ramon San Jose argazkilariak eraman du
Zapatuan (urriaren 19an) bildu zen Indalezio Ojanguren XXVI. Argazki Lehiaketako epaimahaia (Cesar Alberto Lera Estevez, Jose Antonio Cabezudo Urrutia eta Juan Bosco Mercadal Moll) Portalean, edizio honetako irabazleak aukeratzeko. Epaimahaikideek aho batez hala erabakita, Argazki Bilduma Onenari Ohorezko Saria Jose Ramon San Jose Ruigomez (Malaga) argazkilariaren Señales de vida-k jasoko du. Urtero lez, sari nagusiarekin batera beste batzuk banatu dituzte: Indalezio Ojanguren Sari bana eskuratu dute Asier Garagarza Sanchezek (Tolosa, Realidad desenfoca), Luis Irisarri Tejadak (Irun, Uxue), Jesus Pastor Sanzak (Soria, Los dominios del silencio) eta Javier P. Fernandez Ferrerasek (Berango); Euskal Herri mailako sarituak Manu Barreiro Rodriguez (Beasain, Andrea), Miguel Cabezas Centeno (Irun, Danza un sueño) eta Agustin Busselo Ortega (Lasarte-Oria, Lanbrotsua) izan dira; herri mailan, berriz, Oscar Baglietto Arano, Einer Rodriguez Ponce eta Juan Antonio Palacios saritu dituzte; eta 8 eta 16 urte bitarteko lehiakideen artean, Iker Perez Martin 10 urteko eibartarraren Lerma 3 argazkiari saria ematea erabaki dute.
Aurtengo edizioan 72 parte-hartzaile lehiatu dira (23 Eibarkoak, 31 Euskal Herrikoak eta 18 Espainiakoak) eta euretako batzuen lanak irabazleenekin batera ikusteko aukera izango da aste honetako eguenean (urriaren 24an) Portalean inauguratuko duten erakusketan. Inaugurazioan bertan banatuko dizkiete sariak irabazleei. Portaleko 2. solairuan azaroaren 17ra ikusgai egongo den erakusketa martitzenetik domekara, 18.30etatik 20.30etara zabalduko dute.