Informatikari Euskaldunen Bilkurarako matrikulazioa zabalik
Azaroaren 12an (eguena) Donostian, Miramonen egingo den Informatikari Euskaldunen Bilkuran parte hartzeko matrikula zabalik dago. Aurtengoa hamargarren ekitaldia izango da eta "Amesten al dute androideek ardi latx elektrikoekin?" izenburua ipini diote, robotika izango baita aurtengo bilkuran landuko den gaia. Baina informatikari euskaldunen bilkura izanik, robotikaren munduaz ez ezik, "informatikan euskaraz jarduteak berezko dituen bestelako gorabeherek ere" lekua izango dutela azaldu dute antolatzaileek. Bestalde, 10. urteurrena dela eta, kamiseta berezia egin dute aurtengo bilkurako irudi eta goiburuarekin. Bilkura 08:30etan hasi eta 17:30etan amaituko da eta egitaraua zein bestelako informazioa eskuratzeko IEB2015 webgunera jo daiteke. Horrez gain, bilkurari eskainitako bloga eta Facebookeko orria ere ipini dituzte martxan eta bilkurari buruzkoak Twitterren jarraitzeko traola #IEB15 da.