Ingelesezkoen pareko egokia euskeraz asmatzeko e-berba lehiaketa antolatu dute

Ingelesezkoen pareko egokia euskeraz asmatzeko e-berba lehiaketa antolatu dute
2018/02/07 11:42
eta kitto!
Mundu digitalean barra-barra erabiltzen diren ingelesezko berben pareko egokia euskeraz asmatzeko lehiaketa antolatu dute Eibarko Udalak, Eibarko AEK-k eta Udal Euskaltegiak. Dagoeneko horrelako batzuk baditugu (tweet/txio edo hashtag/traola, adibidez), baina lehiaketan parte hartu nahi duenak antolatzaileek emandako zerrendan dauden berbak (bat edo gehiago) aukeratu eta euskerazko pareko egokia asmatu beharko du. Hauek dira zerrendan jaso dituzten berbak: Influencer, Youtuber, Meme, Spoiler, DIY (do it yourself), Trending topic, Selfie, Postureo, Hater eta Fake.

Proposamenak posta bidez euskaltegia@eibar.eus, eibar@aek.eus, edo euskara@eibar.eus helbideetara bidali daitezke edo, bestela, Juan San Martin liburutegian jarri duten postontzira eraman. Azken eguna otsailaren 25a izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, euskarazko berbek ez dute zertan itzulpen zuzenak edo literalak izan eta umorea eta originaltasuna baloratuko dira. Irabazleentzat sariak Coliseorako eta Armagintzaren Museorako sarrerak izango dira.

lehiaketa