Ingenios Hidráulicos En Eibar liburu elektronikoa aurkeztu dute
Asteburuan Galiziako Tui herrian ospatuko den Nazioarteko Molinologia Kongresoan aurkeztuko den Ingenios hidráulicos en Eibar liburuaren berri eman dute gaur goizean Koldo Lizarralde egileak eta Carmen Larrañaga lana argitara eman duen Ego Ibarra batzordeko buruak, udaletxean eskainitako prentsaurrekoan. Hauxe da Ego Ibarrak kaleratutako lehenengo liburu elektronikoa eta agerraldian aditzera eman dutenez, liburua sarean eskuragarri dago, www.egoibarra.com webgunean, PDF eta epub formatuetan, "eta barruko esteka ugarirekin hornitutako lana" da. Horrez gain, ia 300 orrira ailegatzen den liburuak argazki eta dokumentu ugari dauzka, "agiri horietako bat Soraluzeko fabrika nagusirako kanoiak egiten zituen Jose Luzar kanoigilearen semea zen Martin Luzar bikarioak egindakoa dugu, Agustin bere anaia hil ondoren hark lanerako erabiltzen zituen tresna guztien zerrenda dakarrena". Lizarralderen ikerketa-lanak bitxikeriaz betetako pasarte ugari dauzka eta Eibarren historian zehar izan diren errota, ola, barrena eta zentral elektriko guztien berri ere ematen digu. Eibarko azken errotaria "Errotarixa" gaitzizenez ezagutzen zen Ciriako Arana Berraondo izan zen, 1970 inguruan itxi zen Eskaergiko errotaria hain zuzen ere.