Iñigo Arizaga, espeleologoa: “Udaletxearen arkupearen azpian bikia den harrizko arku bat dago”
Katiuskak eta frontala jantzita, herriko lurrazpian barrena murgiltzeko aukera izango dute herritarrek zapatu honetan. Depor Egunaren harira, Eibarko Klub Deportiboak espeleologia jardunaldia antolatu du. Saioa 10:00etan hasiko da, eta parte-hartzaileek Eibarko errekan barrena ibilbidea egingo dute, lurrazpiko pasabideak zeharkatuz. Jarduera Eibarko Klub Deportiboko Espeleologia taldeak antolatu du, eta taldeko presidentea, Iñigo Arizaga, izango da gidarietako bat.
Nola azalduko zenioke gaiaz ezer ez dakienari labur zer den espeleologia?
Lehenik eta behin, ondo pasatzeko modu bat. Hori garbi dago. Hasteko, leizak eta kobak bilatzen eta aztertzen ibiltzen gara. Esplorazio lana amaitzean, topografia lanekin hasten gara: planoa egin eta abar. Askotan arkeologia aldetik zer dagoen ere ikusten dugu. Zuloetako azterketa konpleto bat egiten dugu, finean.
Zer motatako “zuloak” ditugu herrian?
Inguruan oso politak ditugu. Alde horretatik zorte handia dugu. Izarraitz aldean gehienbat. Eibarren mordoxka daude, nahiko txikiak dira, baina beraien historia daukatenak (gerra zibilean jendea gordeta izan zen kobazuloak badaude). Esandakoa, Izarraitz aldean daude kobazulo handi zein txiki esanguratsuenak.
Eibarko Klub Deportiboaren Jaian espeleologia jardunaldia antolatu duzue. Zer egiteko asmoa duzue bertan?
Jardunaldi nahiko bereziak dira ez garelako kobazulo batera joango. Ego ibaia lur azpitik doa gaur egun Eibarren, guztiz tapaturik dago. Ikuspuntu horretatik, koba bat bezalakoa da. Orduan, Ubitxatik sartuko gara, autopistaren zubiaren paretik, eta (gauzak ondo irteten badira) Tas-tasen parean irten nahi dugu (Julian Etxeberria kalean). Ikusiko dugu irtetzen garen edo bidean geratuko garen (barreak).
Aurretik egin izan duzue bide hori?
Bai, eginda daukagu. Klub Deportiboarekin ere bai, baino lehenengo aldian ez zuen jende askok izena eman. Uste dut aurten jende gehiago apuntatu dela.
Horrelako ekintzak arriskutsuak dira?
Ez, ez! Hori bai, sartu nahi den kobaren arabera teknika behar duzu eta material egokia ere bai (sokak, esaterako). Zapatu honetakoa arrisku gabekoa izango da. Hankak ez bustitzeko katiuskak eraman behar dira soilik. Beraz, edonork eman dezake izena.
Horrelako jarduerek nolako harrera dute herrian?
Jendea harritu egiten da. Gauza nahiko interesgarriak ditugu lur azpian. Ibai hau ez zen tapatu duela 10 urte, XIX. mendean baizik. Orduan, zenbait tunel oso zaharrak dira. Hasieran, zementozko bidetik sartuko gara eta Untzagara heltzean ermuatik datorren Ego ibaiarekin bat egingo dugu. Zati hori oso interesgarria da. Udaletxe azpian dauden tunelak oso oso dotoreak dira. Udaletxearen arkupearen azpian bikia den harrizko arku bat dago, udaletxekoa baino politagoa dena, nire ustez. Udaletxeko arkuak bolobilak dira, baina sabaia zapala da eta behian daudenak, aldiz, laja harrizko bobedak dira, elizetan erabiltzen direnen modukoak. Jendeak famatutzat ditu Edimburgo dauden subterraneoak, eta hain urrun joan gabe, Eibarren baditugu garai bereko gauza nahiko kuriosoak. Gainera, pintada polit batzuk ere badaude.
Herritarrok erabat ezezaguna dugu gure herriaren lurrazpia.
Udaletxetik Julian Etxeberria kalera bitarte kale guztiak izendatzen dituzten kalertelekin markaturik daude. Kalean bezala, kaleen izenak ikusi daitezke, baina azpitik.
Zenbat jende espero duzue?
Nahiko jende ari da animatzen. Asteazkenean Ego ibaiarekin loturiko hitzaldiak jendea animatu duela ere uste dut.
Zer da zehazki larunbat goizean egingo duzuena?
Hasieratik udaletxera bitarte dena zuzen eta nahiko azkar egingo dugu. Udaletxera heltzean denbora tarte bat pasako dugu argazkiak egin eta azalpenak egiten. Eta azkenik, irteten saiatuko gara. Ea lortzen dugun. Irteera tapa batekin itxita dago eta kotxeen azpian kokatzen da. Koberturarik ez dugu izango, baina udaletxeari abisua eman diogu egun horretan irteera dagoen tokia libre egon dadin. Bestela ez da ezer ez pasatzen, beste bideren batetik irtengo gara, El Corte Inglesetik, adibidez.
Beti agertzen da arratoiren bat, baina esan beharra dago nahiko garbi dagoela dena. Lehengoan bertan izan ginen dena prestatzen eta bene-benetan diot garbi dagoela. Ur zikin guztia kolektorera bideratuta dago. Bakarra dago hartu gabe, Elgetako bidearen parean albo batetik datorren ur zikina. Lastima da, zeren eta horrek ur guztia zikintzen du. Hala ere, nahiko garbi dago. Sartu ginen azkenengo aldian, orain dela bost urte inguru, Elgeta bidearen parean karramarroak zeuden, pentsa!
Garbitasun horrek animali gehiago erakar ditzake.
Kristoneko fauna, bai. Nik arratoi eta karramarroak soilik ikusi ditut. Saguzarrik ez dut oraindik ikusi, baina egongo dira seguruenik.
Bada aipatu nahiko zenukeen punturik?
Ibaiaren gainean eraiki denean, herri guztia altxatu da. Erreka parean gure herri zaharraren ondakin batzuk gelditzen dira. Untzagatik dexente beherago joanda labaderoak toki bateak ikusi daitezke, adibidez. Baina bueno, gauza ia denak desagertuta daude.
Gauzak horrela, zer esango zeniekete herritarrei?
Bada etortzeko. Katiuska on batzuk jantzi eta ederki pasako dugula!