Iñigo Astiz izango da ‘Idazlearekin harixa emoten’ irakurketa-klubaren lehen gonbidatua

‘Monogamoak’ liburuari buruz berba egiteko aukera izango dute irakurleek datorren martitzenean, Portalean.
Iñigo Astiz izango da ‘Idazlearekin harixa emoten’ irakurketa-klubaren lehen gonbidatua
2026/10/08 13:21
eta kitto!

Euskarazko irakurketa-klubaren ikasturteko lehen saioa egingo dute datorren martitzenean, urriak 13, Portalean. ‘Idazlearekin harixa emoten’ ekimenaren barruan, Iñigo Astiz idazle eta kazetaria izango dute gonbidatu, eta haren ‘Monogamoak’ narrazio-liburuari buruz berba egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Saioa 19:00etan hasiko da, Batzartoki 1ean. Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa, ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean antoalatu da. Saioa irekia izango da, eta parte-hartzaileek liburuari buruzko galderak eta iruzkinak egiteko aukera izango dute. 

Iñigo Astiz

Iruñean jaio zen Astiz, 1985ean, eta BERRIA egunkariko kazetaria da. 'Baita hondakinak ere' poema-liburua (2012) eta 'Kixotenean' kronika-liburua (2016) argitaratu ditu, eta Sylvia Plathen poema-antologia bat ere euskaratu du. Haur eta gazteentzako literatura ere landu du.

‘Monogamoak’

‘Monogamoak’ da Astizen lehen narrazio-bilduma. Liburuan askotariko egoera eta pertsonaiak bildu ditu, besteak beste, hildakoen eta hiltzaileen ilarak, Lizasoko komuna, gazte bat pintadak garbitzen, emakume bat katu baten marruen eta amaren azken egunen artean, edo sasoiz kanpoko norbaiten itzulera.

Egileak, giro, garai eta tonu ezberdinen bidez, jendeak elkarri eusteko erabiltzen dituen loturez, komunikazioaz eta haren faltaz eta eraikuntza historiko, politiko eta kulturalen alde makurraz eta absurdoaz idazten du. Argitasuna eta ironia, soiltasuna eta saturazioa uztartzen ditu kontakizunetan.