Ipini aurpegia Euskararen Egunean
Bihar (martitzena, abenduak 3) Euskararen Eguna dela-eta, aurten euskarari aurpegia ipini nahi diote eta, horretarako, egunerako antolatu den ekimenean ahalik eta jende gehien parte hartzea komeni da. Izan ere, udalak, AEK eta udal euskaltegiak, …eta kitto! Euskara Elkarteak eta herrian euskalgintzan diharduten gainontzeko elkarteek eibartarren aurpegiekin mosaiko erraldoia osatu nahi dute. Parte hartzeko nahikoa da goizeko 08.00etatik aurrera (eta 19.30ak baino lehen) udaletxeko sarrera edo patiora joatea eta bertan argazkia aterako diote. Argazkiak egiteaz gain, jendea euskararekin lotutako gogoetak idaztera animatu nahi dute eta, nahi izanez gero, megafoniatik irakurtzeko aukera ere emango diete hala egin nahi dutenei. Egunean zehar ateratako argazkiekin mosaiko itxurako murala osatuko dute eta, horregatik, eibartar guztiak bertatik pasatu eta argazkia ateratzera animatu nahi dituzte antolatzaileek, "zenbat eta jende gehiago gerturatu, hobeto". Bestalde, euskeraren inguruan idatzitako mezuak anonimoak izango dira eta Twitter (#IPINIAURPEGIA) eta Facebook bitartez zabaltzen joango dira: "Egun osoan udaletxeko balkoian megafonia martxan egongo da eta jendeak beste norbaitek idatzitakoa mikrofonotik irakurtzeko aukera izango du, kalean dabilen jendeak entzuteko".