Ipurua auzoko jaietan murgilduko da asteburu honetan
Azken urteetan bultzatutakoari eutsiko dio aurtengoan ere Ipuruako Jai Batzordeak eta hemen ditugu, berriz ere, iraileko azken asteburuan, Ipuruako Jaiak. Bihartik domekara arte hainbat ekintza prestatu ditu batzordeak, adin guztietako eta gustu ezberdinetako lagunen nahiak asetzeko egitarauarekin. Gu geu bertan izan gara, Ipuruan, jaien aurreko egunetan nolako giroa bizi den bertatik bertara ezagutzen. Gainera, auzoan buelta bat emateko aprobetxatu dugu, gure sare sozialetan aurkituko duzuen bideoan ikusi dezakezuen bezala..
Denetarik aurkitu dezakegu Ipuruan: hainbat hezkuntza zentro (Jazinto Olabe haurreskola eta ludoteka, Argatxa haur hezkuntzako zentroa, Eibar BHI, UEUren egoitza den Markeskua jauregia, Aspace), Argatxa jardinak (herrian dugun berdegune gutxienetako bat), hainbat kirol-gune (Ipurua futbol zelaia, kiroldegia, kanpoko igerilekuak eta bolatokia), merkatu plaza (gaur egun, bertan hainbat ekintza antolatzen dituzte bizilagunek, jarduera bizi-biziarekin), bi dorre erraldoi eta baita toki erlijiosoak ere (San Pio X eliza eta Sorkundearen komentua).
Auzoan hainbeste gauza egonda, jaiak ezin ziren falta. Urte askoan egon da Ipurua jairik gabe, 30 inguru, baina orain dela hiru urte jaiak berreskuratzeko ardura hartu zuten auzokide batzuek. Esan eta egin, egitarau potenteak antolatu dituzte azken urteotan, eta eguraldiak lagunduta, jendez bete da jaietan Ipurua. Beraz, aurten ere egongo da festarako aukera.
Bihar, irailak 25, hasiko dira Ipuruako jaiak. 17:00etan, txokolatada egingo da eta Neledantzak erakustaldia eskainiko du Jazinto Olabe parkean. 18:45ean, kalejira egingo da Latuna Bando txarangarekin, Jazinto Olaben hasi eta, jubiletxetik, Ipuruako dorreetatik eta Argatxatik igaro ondoren, Eibar BHI pareko parkean amaitzeko. Hor botako da txupinazoa, 20:30ean, eta musikari emango zaio paso. 21:00etan, Aittu erromeriak joko du eta, gauerditik aurrera, IN-DI DJ-ak girotuko du gaua.
Hurrengo eguna indartsu hasteko, 11:00etan, salda eta txorizoa banatuko dira Eibar BHI-ko patioan. 11:30ean, toki berean, herri-kirolak egingo dira. 15:00etan bazkari herrikoia egingo da eta bazkal ostean, 17:00ak inguruan, bingoan jokatzeko aukera egongo da. Umeek ere jolasteko aukera izango dute 18:00etatik aurrera, eurentzako tailerrak egongo baitira.
Etziko gaua ere musikaz beterik iritsiko da. 21:00etan, plater nagusia: Judash. Talde eibartarrak rock eta metal doinuak taularatuko ditu, bere lehen diskoan erakutsitako indarra agertuz. Joan den astean ‘Izengabeak’ lehiaketan bigarren postua eskuratu zuen eta bigarren astez jarraian zuzenean entzuteko aukera izango dugu, oraingoan denbora luzeagoz.
Judash-en ostean, 22:30ean, Iruko erromeria igoko da eszenatoki gainera eta dantzan jarriko du patioa. Eta dantzan jarraitzeko, 01:00etatik aurrera, DJ Mirenek girotuko du gaua.
Ipuruako Jaiak domeka eguerdian amaituko dira, baina azken eguna ere ez da nolanahikoa izango. Goiza lasai hasiko da, 10:30ean toka eta rana txapelketa jokatuko direlako Jazinto Olaben. 11:00etan tailerrak egongo dira toki berean eta, 12:00etan, meza San Pio X elizan.
Ordu berean, eta jaiei martxa bat gehiago sartzeko, dantza erakustaldia egongo da KAXA-ren eskutik eta, festak errematatzeko, 13:00etatik aurrera, bermutada egongo da ‘Virginia y los Machines’ eta ‘Harri Artian’ taldeek girotuta. Talde bietan, eibartarrak dira protagonista: Virginia Fernandez da lehen taldearen burua eta boleroak eskainiko ditu; ‘Harri artian’-en atzean, bestetik, Arrate Delgado eta bere gitarra daude.