Ipurua Gimnasia Erritmiko Taldeak Madrilen ekingo dio denboraldi berriari

Vallecaseko Txapelketan parte hartuko dute larunbatean, kategoria ezberdinetako gimnastekin
Ipurua Gimnasia Erritmiko Taldeak Madrilen ekingo dio denboraldi berriari
Argazkia: Ipurua kluba.
2026/10/01 10:35
Ekhi Belar Errasti

Ipurua Gimnasia Erritmiko Taldeak denboraldi berriari ekingo dio asteburu honetan, Madrilen jokatuko den Vallecaseko Txapelketan. Junior Absolutua, Jubenil Oinarrizkoa eta Infantil Oinarrizkoa mailetako talde federatuek hartuko dute parte, udazkeneko lehiaketetako lehen neurketa izango den hitzorduan. Taldeek Espainiako Txapelketak izango dituzte jomugan datozen hilabeteetan.

Denboraldi honetako berritasun nagusia klub eibartarrak Junior Absolutu mailan berriro lehiatuko duela da. Uxue Astarloa, Maddi Lanas, Maren Jainaga, Noa Larrañaga, Maddi Arrazola eta Nora Eizagirrek osatuko dute taldea. Erronka berrian, bost mazo-parez osatutako ariketa aurkeztuko dute.

Infantil Oinarrizko taldeak, bestalde, estatuko lehiaketan bigarren denboraldia egingo du. Iazko estreinaldian Espainiako Kopako seigarren postua lortu zuen, eta aurten Nora Jainaga, Mara Lanas, Helena Olasolo, Maren Arza eta Malen Rodríguez arituko dira, Uxue Garcíaren fitxaketarekin batera. Sei gimnastek bost mazo-parez osatutako koreografia aurkeztuko dute.

Jubenil Oinarrizko taldeak ere iazko osaketa mantenduko du: Uxue Etxeberria, Yuma Otálvaro, Nikole Aranbarri, Itziar Alberdi eta Olatz Vieira. Vallecasen estreinatuko duten ariketa berria hiru uztaiz eta bi zintaz osatuta egongo da.

 

Egutegi bete-betea

Datozen hilabeteetako egutegia, gainera, beteta dator. Urriaren 24an, San Andres Txapelketaren 26. edizioa egingo dute Ipurua kiroldegian. Ondoren, Euskalgym txapelketa izango dute, eta azaroan bi talde oinarrizkoek Espainiako Txapelketak jokatuko dituzte. Junior Absolutu taldearen txapelketa, berriz, abenduaren 8tik 13ra izango da.

Klubaren hazkundea egituraren sendotzean ere islatzen da. Talde teknikoak 200 bat haur eta gazterekin egingo du lan aurten, Eibarren eta Ermuko zein Markina-Xemeingo talde filialetan.