Ipurua Merkatu Plazako plazoleta suntsitzen duen proiektua geldiarazteko eskatu dio Udalari IMP elkarteak
IMP elkarteko kideek jakinarazi dutenez, “Udaleko Obra Sailak lizitaziora atera du Ipurua Merkatu Plazako plazoleta suntsitzen duen arrapala proiektu bat, gurekin, Egoibarrarekin eta Hirigintza Sailarekin kontsultatu gabe”. Gaineratu dutenez, “Romualdo Galdos etxe multzoak, lorategiek, merkatuak eta eskolak udal mailako babesa dute, eta EAE mailan ere babesteko proposatuta daude Ondaretik”.
Elkartetik gogorarazi dutenez, “badago lizitaziora ateratako arrapalaren ordezko alternatiba bat igogailuarekin, udalak 2022an enkargatu eta ordaindutakoa. Proiektu hori IMPan EMUN taldeak egindako herritarren parte-hartze prozesuarekin bat dator, eta bai eraikinari bai plazoletari irisgarritasuna ematen dio. Diseinu horretan ere bi arrapala aurreikusten dira lorategietan, baina erdiko lorategiaren eta eraikin multzoaren ardatza eta simetria errespetatzen dira, eta ez da plazoleta suntsitzen”.
Bestalde, IMP elkarteak adierazi du Obra Sailetik irten den proiektuak ondarea ez duela errespetatzen: “Udaleko HAPOan bertan babestuta dagoen multzoa da hau, eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroak egindako txostenaren arabera, eraikin multzo hau (‘182. Grupo Padre Galdos’) EAEko Kultura Ondarearen Erregistroan inskribatzeko proposatuta dago. Beraz, udal mailan jadanik babestuta dagoen eta EAE mailan ere garrantzitsua den multzo bati buruz ari gara”.
Horren guztiaren ondorioz, IMP elkarteak lizitazio prozesua berehala gelditzeko eskatu dio Udalari, “beste alternatibak aztertu arte”.