Ipuruak Futbol 7 PC Liga Nazionaleko etxeko taldearekin gozatu zuen

SD Eibar Fundazioak maiatzaren 10ean Bartzelonan playoffa jokatzeko txartela eskuratu du
Ipuruak Futbol 7 PC Liga Nazionaleko etxeko taldearekin gozatu zuen
2025/04/15 13:14
eta kitto!

Asteburuan lortutako bi garaipen argiekin, SD Eibar Fundazioak maiatzaren 10ean Bartzelonan playoffa jokatzeko txartela eskuratu du. Ipuruako Anexo zelaiak Futbol 7 PC Liga Nazionalaren 6. eta 7. jardunaldiak hartu zituen. Lehiaketak garuneko paralisia eta hartutako kalte zerebrala dutenekin osatutako zazpi talde aurrez aurre jarri ditu.

Lehen Mailako sailkapeneko goi postuetako lehian, Andoni Igartuak gidatzen duen taldea bere zaletuen aurrean estreinatu zen Bartzelonako Disport taldearen aurka. Victor Vareak, Daniel Ibarrak bitan, Yerik Martinezek eta David Gamizek egindako golekin, eibartarrek 5-1ekoa lortu zuten kataluniarren aurrean.

Domekan ere garaipen argia eskuratu zuen SD Eibarrek, 4-0arekin, Raul Diaz bitan, Daniel Ibarrak eta David Gamizek egindako golei esker. Orain taldeek maiatzaren 10era arte itxaron beharko dute, Bartzelonako Vilanova i la Geltrun jokatuko den playofferako. Lehen faseko lau talde onenak izango dira bertan, tartean SD Eibar Fundazioa.