Iraider Garcia, Indianokua gaztelekuko begiralea: "Gazteak jardueren antolaketan parte hartzera animatu nahi ditugu"

Iraider Garcia, Indianokua gaztelekuko begiralea: "Gazteak jardueren antolaketan parte hartzera animatu nahi ditugu"
2013/05/06 00:00
eta kitto!

- Urte bi bete berri ditu Indianokuak. Nola ospatu duzue?
Apirileko azken asteburuan jaia egin genuen, diskoteka eta guzti. Urte bietan horrela ospatu dugu urteurrena, gazteek hala eskatuta. Aurten, gainera, musika ipintzera etorri zen gaztea, DJ Bonano, eibartarra da. Aldatze ikastetxean DBH ikasten dihardu eta hemen ibiltzen diren gazteen artean ezaguna da, eurek proposatuta gonbidatu genuen jaia musikarekin girotzeko. Hasieran dantzan hastea apur bat kostatzen zaie beti, baina behin hasita ez dabe nahi izaten amaitzea!

- Bestela, ospakizun bereziak-eta albo batera lagata, nolakoa da Indianokua gaztelekuko martxa?
Indianokua gaztelekua berez 12-17 urte bitarteko gazteak hartzeko pentsatuta dago, baina praktikan hona etortzen diren gehienak 14 urtetik beherakoak izaten dira. Gehienetan koadrila osoak etortzen zaizkigu, gutxi gorabehera beti berberak eta, beraz, elkar ezagutzen dugu. Horregatik, antolatzen diren jarduerak prestatzeko orduan eurek parte-hartzea eta gauzak proposatzea gustatuko litzaiguke eta horretan ahalegintzen dihardugu. Asanbleak egiten hasi gara eta lehenengoan zenbat proposamen bota zituzten ikusita asko poztu ginen, baina atzetik egindako bileretan emaitza ez da izan horren aberasgarria.

- Nolako jarduerak antolatzen dituzue?
Egitarau modukoa prestatzen dugu hilero eta horman, denek irakurtzeko moduan ipinita egoten da, egun bakoitzean zer egingo den aldez aurretik jakin dezaten. Nahiko finkatuta dauden jardueren artean batzuk aipatzearren eskulan tailerrak, filmen emanaldiak, Disparate Eguna, sukaldaritza ikastaroa eta Play/Wii daude. Eskulan tailerretan gauza ezberdinak egiten ditugu, hurrengoan zapatilak apaintzen ikasiko dute, adibidez. Ping-pong, futbolin eta horrelakoek oso arrakasta handia izaten dute beti eta, horiekin batera, nola ez, internet eta bideojokoak ere asko gustatzen zaizkie, baina horiek erabiltzeko mugak daude, bakarrik egun eta ordu zehatz batzuetan lagatzen diegu kontsola eta ordenagailuetan ibiltzen, hemendik kanpora ere nahikoa denbora ematen dutelako horietan. Bestalde, sukaldaritza ikastaroetan prestatzen direnetarako behar diren produktuak erostera-eta gurekin batera etortzen dira, batzuetan errezetaren bat ekartzen dute…

- Teknologia berriak aipatuta, gaztelekuak badu bere txokoa interneten, ezta?
Bai, Gabonak aldera bloga (http://eibarkogaztelekua.wordpress.com/) sortu genuen, hemengo berriak jasotzeko, ekitaldien berri emateko, argazkiak ipintzeko… Gainera, egitarauari azken orduan gehitzen joaten garenak bertan ipini eta gazteek ikusteko aukera daukate. Twitterren ere bagaude (@IndianokuaGazte ).