Irati Zarraua: “Euskalduna izanik, ez nuen inolako zalantzarik izan gidabaimena euskaraz ateratzeko”
Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak abian jarri duten “Gidabaimenak euskaraz!” ekimenaren bitartez, zozketa bidezko erosketa-bonoak emango ditu Eibarren Akebaik herriko gazteek gidabaimena euskaraz gainditzeko egiten duten ahalegina saritzeko. Zozketa hori gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditu eta eskaera aurkezten duten guztien artean egingo da eta hiru sari egongo dira: 250 euroko erosketa-bonoa, 100 eurokoa eta 50 eurokoa. Horretarako Eibar Merkataritza Gune Irekiaren laguntza izan du Eibarren Akebaik. Abenduaren 31ra arte egin daiteke eskaera.
Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Autoeskolen Federazioarekin koordinatuta, Gidabaimena euskaraz proiektua jarri du martxan interesatu guztiei euskarazko material gaurkotua eskaintzeko. Horrela, ziklomotorreko eta kotxeko gidabaimena euskaraz eskuratzeko aukera dago Euskal Herriko 160 autoeskolatan. Autoeskola horietan ikasleei euskarazko eskuliburuak eta online bidezko euskarriak ematen zaizkie. Material horiek Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak prestatu ditu Eusko Jaurlaritzaren babesarekin hizkuntza-eskubideak arlo horretan ere bermatzeko, hau da, nork bere hizkuntzan ikasi ahal izateko.
Irati Zarraua, lehen eibartarra
Badira urte batzuk zenbait autoeskolatan gidabaimena euskaraz atera daitekeela, esate baterako, Eibarko Solozabal autoeskolan, eta oraingoan ere Solozabalekoek bat egin dute Gidabaimena euskaraz proiektuarekin. Irati Zarraua 17 urteko gaztea izan da lehen eibartarra gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzen egitasmoa martxan jarri zenetik. Iratik motozikletaren A2 baimena atera du, eta orain autoaren gidabaimena lortzeko atal teorikoa ari da prestatzen.
Autoeskolara hurbildu zenean, Iratik ez zuen inolako zalantzarik izan hizkuntzari buruz: "Nire etxean beti euskaraz egiten dugu berba, eta ikasketak ere euskaraz egin izan ditut. Beraz, autoeskolara joan nintzenean ziurtzat ematen nuen euskaraz egiteko aukera zegoela. Euskal Herrian gaudenez, normala iruditzen zitzaidan. Autoeskolan euskarazko eta gaztelerazko liburuak erakutsi zizkidaten, eta hor desberdintasun bat ikusi nuen, egia esan. Erdarazkoak kapitulu bakoitzaren amaieran test bat zeukan, eta euskarazkoak ez. Hala ere, liburua nahiko ondo dago".
Izan ere, Euskadiko Autoeskolen Federazioak Eusko Jaurlaritzaren babesarekin abiatutako Gidabaimena Euskarazek Gidabaimenak euskaraz prestatu eta egin ahal izateko bermea ematen dio ikasleari, eskuliburu teorikoetatik hasi eta azterketa egiteraino. Gidabaimenen zati teorikoa euskaraz arrakastaz gainditzeko beharrezko baliabideak jartzen ditu ikaslearen eskura: eskuliburuak, paperean nahiz online, ikus-entzunezko pilulak, testak…
Iratik pare bat hilabete eman ditu azterketa prestatzen, eta gainditu egin du. Halare, gaztelerarekin alderatuta, Internet bidezko euskarriei dagokienez, euskaraz zenbait gauza faltan bota dituela esan digu. "Adibidez, egin ohi dituzun hutsegiteekin, hau da, akumulatzen dituzun akatsekin eta berez zailtasun berezia daukaten galderekin ere probak egin daitezke gazteleraz. Eta euskaraz oraindik ez".
Zenbat eta jende gehiago orduan eta hobeto
Hala ere, horrelako gauzak hobetzeko modua zein den argi dauka Iratik: "Zenbat eta jende gehiago animatu euskaraz egitera, orduan eta aukera gehiago izango dugu baliabide hobeak eskuratzeko. Azterketa egitera Azpeitira joan nintzenean bi pertsona bakarrik geunden euskarazkoa egiten. Zoritxarrez, oraindik jende gutxik egiten du azterketa euskaraz. Nire ingurukoek ere gazteleraz ateratzen dute eta horrek asko harritzen nau. Bizitza osoa zure heziketa euskaraz izan denean, ez zara gauza orain azterketa bat euskaraz egiteko?".
Bestalde, jendea animatzeko modurik eraginkorrena erakundeetatik dirulaguntza zuzenak ematea litzatekeela uste du Iratik.