Irene Hernando, abeslari eta koreografoa: "Musikal handi batean jardutea da nire ametsa"
- Zelan ailegatu zinen ETBra?
Berez “Kantuan” saioko lehenengo ediziorako castingera aurkeztu nintzen, baina ez ninduten aukeratu. Saioaren bigarren ediziorako, baina, deitu egin zidaten eta horrela joan nintzen. Lehenengo gala iraila hasieran grabatu genuen eta nik "Man I feel like a woman" abestiarekin hartu nuen parte, baina ez nintzen bat ere gustora geratu, bakarrik minutu bateko tartean abesteko aukera eman zidatelako.
- Esperientzia hobea “Ama, ¡Vótame!” saiokoa?
Bai, duda barik. Abesti berberarekin jardun nuen, baina saio horretan, behintzat, abestia osorik kantatzen laga zidaten eta, beraz, prestatuta nuen guztia erakusteko modua izan nuen, gustora gelditu nintzen eta, gainera, finalerako sailkatu nintzen, hori gutxienekoa izan zen arren.
- Eibarko Koruarekin “Oh Happy Day” lehiaketako finaleraino ailegatu zineten…
Ezberdina da eszenatokian zu bakarrik egotea edo taldearekin abestea, batez ere ez baduzu aurretik bakarlari moduan kantatu. Taldean abestean, gainera, soinua bera ezberdina da. Bide batez, jendea Eibarko Koro Gaztian sartzera animatu nahi dut. Nahi duenak Musika Eskolan galdetu dezake.
- Arte dramatikoa ikasten ere hasi zinen, ezta?
Bilbon klaseak hartzen hasi nintzen, baina hori laga eta orain Bergaran dihardut, Gabonetara begira Peter Pan-en inguruan preparatzen diharduten musikalean. Ikuskizunean aztia izango naiz, baina horrez gain musikaleko umeendako koreografiak sortzen nabil, Bilbon hori eta dantza-teknikak ikasten nabil eta.
- Hori gutxi balitz, pianoa joten dakizu eta Magisteritza ikasten duzu!
Pianoarekin oso umetan hasi nintzen, titulua daukat. Eta Donostian Magisteritza ikasten nabil, irakastea asko gustatzen zaidalako. La Salleko ludotekara ere joaten naiz, udan begirale ibiltzen naiz… Horrelakoa izan naiz beti; bestela aspertuko nintzateke.
- Horrenbeste diziplinaren artean, etorkizunera begira zer egitea gustatuko litzaizuke?
Nire ametsa musikal handi batean jardutea da, bertan kantuak, dantzak eta interpretazioak, hiruek bat egiten dutelako. Nik hala izan behar duela pentsatzen dut.