Irene Hernando (Lolak Kolektiboa): “Benetako emakumeen istorioetatik sortu dugu Zanbuila”
Martxoaren 13an estreinatu duzue antzezlana Zumaian eta hilaren 26an egongo zarete hemen, Eibarren. Zer da “Zanbuila”?
Berba herrikoia da. Esti Curiel zumaiarra da, eta berak proposatu zuen. Oso ondo egokitzen zitzaigula iruditu zitzaigun. Nolabait, protagonistaren murgiltze bat adierazten du: uretan sartzea edo bizitzako etapa berri batean sartzea. Hortik dator ideia.
Kartela ikusita, hiru emakume uretan sartuta… Ondo pasatzen ari zaretela ikusten da.
Bai, argazkia Donostiako Kontxan egin genuen. Udan turista asko zegoen, eta azkar egin behar izan genuen. Dirulaguntza bat eskatzeko dosierra prestatzen ari ginen, eta horretarako egin genuen argazkia. Oso kuriosoa geratu zen.
Gure lankide Estik dirulaguntza bat lortu zuen elkarrizketa batzuk egiteko, istorio bat sortzeko asmoz. Zumaian hasi zen emakumeei elkarrizketak egiten. Emakume askok itsasoarekin harreman zuzena zuten: batzuk saregileak izan ziren, beste askoren senarrak marinelak izan ziren, eta beste batzuk arrandegietan lan egindako emakumeak. Elkarrizketa horietan istrio oso politak agertu ziren, eta bizimoduari buruzko gauza interesgarriak. Orduan, Amaia Ortiz de Galarretarekin eta nirekin harremanetan jarri eta esan zigun: "Elkarrizketa hauek dauzkat, eta antzezlan bat sortu nahi nuke”. Horrela hasi zen dena. Gure lan egiteko modua kolektiboa da: denok aportatzen dugu, denok sortzen dugu, elkarri zuzentzen diogu lana, salmenta, ekoizpena… Batzuetan kaotikoa izan daiteke, baina denak gaude maila berean. Prozesu honek erakutsi digu sorkuntza egiteko modu asko daudela. Normalean testu batetik abiatzen gara, baina kasu honetan elkarrizketetatik eta benetako istorioetatik sortu dugu lana. Gainera, lankide izatetik benetako lagun izatera pasatu gara prozesu horretan.
Eta hortik sortu da Lolak Kolektiboa?
Bai. Antzezlan honekin lanean hasi ginenean konturatu ginen talde bezala izen bat behar genuela. Itsasoarekin edo antzerkiarekin lotura izan zezakeen zerbait pentsatzen ibili ginen, baina azkenean Lolak izena gustatu zitzaigun (titiak ere badira). Eta horrela geratu zen: Lolak Kolektiboa, eta kitto.
Antzezlanak zer kontatzen du zehazki?
Hasieran emakume horien istorioak plazaratzea zen asmoa, baina hausnarketa bat ere proposatu nahi genuen. Horregatik sortu genuen gaur egungo protagonista bat. Protagonista Itziar da, berrogei urte inguruko emakumea. Erizaina da eta etxez etxe ibiltzen da lanean. Halako batean, Karmen izeneko emakume nagusi baten etxera joaten da. Karmen 85 urte dituen emakune euskalduna da, eta bere senarra marinela izan zen. Karmenek alaba bat ere badu, Arritxu. Horrela, hiru belaunaldi agertzen dira: Karmen, Arritxu eta Itziar bera. Ikusten da nola bizi ziren lehen, nola bizi garen orain, eta belaunaldi ezberdinen artean sortzen diren ikuspegiak. Oso hirukote bitxia eta barregarria da. Gaur egungo gaiak jorratzen ditugu eta erritmo handikoa da. Euskarari eta AEKri ere bere lekua ematen diegu gure obran, antzerkia egitea zaila bada, are zailagoa delako euskaraz egitea.
Zer espero duzue publikoak sentitzea antzezlana ikusita?
Guretzat garrantzitsuena da bakoitzak bere bidaia egitea. Barre egin nahi badute, barre egin dezatela; negar egin nahi badute, baita ere. Sentitu daitezela aske.