Irune Jaio (Anemona proiektua): “Diseinu grafikoan bide berriak zabaltzen saiatu gara”

Irune Jaio (Anemona proiektua): “Diseinu grafikoan bide berriak zabaltzen saiatu gara”
2014/02/07 00:00
eta kitto!

- Zeintzuk zaudete oraindik ere hilabete gutxi dituen Anemona proiektuan?
Gasteizen ikasten lau urte egin ondoren, Anderren eta bion arteko harremanaz baliatuz, inbertsio txikia egin eta irailean abiatu genuen proiektua. Diseinu grafikoaren mugak apurtzen dituen estudio tailerra da, beste disziplina batzuekin harreman sinbiotikoak sortu eta zerbitzu integralak eskaintzen dituena: aldi berean, estudio baten zentzu digitala eta tailerraren eskulana konbinatzen dituena. Formakuntza etengabea eta jakinmin asegaitzaren bitartez eboluzioan sinesten dugu, zerbitzu eta produktuetan berrikuntzak eskaini ahal izateko.

- Zer motako zerbitzuak eskaintzen dituzue?
Anemonak diseinu grafikoaren ikuspegi integrala dauka eta denetariko zerbitzuak eskaintzen ditu, beharrizan guztiak asetzeko: irudi korporatiboa, publizitatea, diseinu editoriala, packagina edo eta seinaletika bezalako diseinu grafiko produktuak, web programazio edo/eta serigrafia eta josketa bezalako jarduerekin konbinatuta, gainera.

- Orain arteko ibilbidean, zelako lanak egin dituzue?
Logotipoak prestatu ditugu, karteleria asko, web orrialdeak, programazioak, kanpainak, musika taldeentzako karatulak... diseinu grafikoaren esparru osoa hartu dugu. Kalera ateratzeko prozesuan, gainera, erropari ere aplikatu diogu diseinu hori, serigrafiarekin. Euskal Jaian erropa salgai jarri genuen, Gabonetan zuzenean josi genuen...

- Aratosteetako kartela zuena izango da. Zelan animatu zineten?
Dena erdi-bana egiten dugu eta bakoitzak pare bat lan aurkeztu genituen. Azkenean nirea zen batek irabazi du, baina nahiko ezustea izan da. Azken urteotako estetikaren apurtu nahi izan dugu eta badirudi oraingoan okre koloreak nagusitzen ziren irudia gogokoagoa izan duela epai-mahaiak saturatutakoen aurrean.

- Pozik orain arte proiektuak hartu duen martxarekin?
Ondo gabiltza, ohiko bideetatik desmarkatu bagara ere: eskualdean tartea badugula ikusten da. Horri heltzen diogu, originaltasunari, jakinda ere gero eta zailagoa dela jendea ustekabean harrapatzea. Oinarri moduan atzera begiratzen badugu ere, egunerokoari eusten diogu. Hori bai: dena ez dago eginda.