Telmo Basterretxearen "Isiltasunetik" dokumentala emango dute gaur gauean Errebal plazan

Jaiotzetik gorrak diren bi lagunek furgonetaz Marokon egindako bidaia kontatzen du lan honek. Bertan izango dira egileak eta protagonistak.
Telmo Basterretxearen "Isiltasunetik" dokumentala emango dute gaur gauean Errebal plazan
2025/07/02 14:06
eta kitto!

Atzo hasi ziren Ar.rate Kultur Elkarteak antolatutako ikus-entzunezkoeen emanaldiak. Ekaitz arriskua dela eta, Errebal plazan izango dira aurten. Gaur, uztailak 2, Isiltasunetik dokumentala (42 min.) emango dute, 22:00etan. Beti bezala, ez da sarrerarik ordainduko. Proiekzioaren ostean solasaldia hasiko da, egile eta protagonistekin. Jaiotzetik gorrak diren bi lagunek furgonetaz Marokon egindako bidaia kontatzen du lan honek. 2022an abiatu zuten proiektua: “Baliabide gutxi, baina ilusioa eta lana erruz egin ondoren, hiru urte hauetan lortu dugu dokumentala ia amaitzea”. Lan horrek, gainera, badu konplexutasun extra bat, filmatutako ordu asko zeinu hizkuntzan direlako. Jatorrizko ideia Josu Iztueta Azkuerena da, eta Telmo Basterretxeak zuzendu du.

Marrakexeko Jamaa el Fna plazako zalaparta, Atlas mendikateko lasaitasuna, Merzougako basamortuaren isiltasun eta bakea… Nolakoa da, ordea, mundua soinurik gabe? Hori bistaratuko du dokumentalak. Izan ere, Enrikek eta Itziarrek Marrakexko plazan edota basamortuan gauza bera entzuten dute: erabateko isiltasuna.

Ikus-entzunezkoen astea agurtzeko, bihar (uztailak 3),19:30ean, Kaixo, kari (itxiera bat, abiapuntu bat) aurkeztuko dute Danele Sarriugartek (testuak) eta Miren Narbaizak (musika): “Agur eta ciao, edo ireki eta itxi. Emanaldi honetako hiru testuak aldi berean dira bi gauzak, aldi berean zerbaiten itxiera eta abiapuntu”.  Emanaldiak ia ordubeteko iraupena izango du.