Itoiz Suite kontzertua hartuko du Coliseoak bihar 20.00etan

Itoiz Suite kontzertua hartuko du Coliseoak bihar 20.00etan
2012/06/28 00:00
eta kitto!

Bihar 20.00etatik aurrera Coliseoan Itoiz taldearen kanta ezagunak entzuteko aukera izango da Itoiz Suite kontzertuari esker. Armeria Eskolaren mendeurrena ospatzeko egitarauaren barruan antolatutako emanaldirako sarrerak 14 eurotan daude salgai www.ticketea.com/itoizsuite helbidean eta bestela leihatilan 20 eurotan ipiniko dituzte salgai bihar bertan, emanaldiaren aurretik.
Juan Carlos Pérez taldeko kide-ohia eta musika gehienaren egileak gordetako doinu horiek orkestra sinfoniko baten berezko buruan aspalditik eta erakargarri ikusten zuen helburu hori etetzea lortu zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta Juanjo Mena zuzendariaren eskutik. Lanak zazpi mugimendu ditu, taldearen beste hainbeste abesti abiapuntu hartuta: Ezekiel, Marea gora, Marilyn, Goizeko deiadar / Lo egin, Lau teilatu, Hegal egiten eta Foisis jauna. Guztira 40-45 minutuko kontua, opari txiki bat tartean duena: Zati txiki bat La mʼen, Itoizek 1978an argitaratu zuen lehenengo diskoko kantua, bis erara abestuko den pieza bakarra izango dena, Jose Garate, Itoizeko kide ohia eta gaur egun BOSaren kontrabaxu jotzaile finkoa eta Juan Carlos Pérezen ahotsekin orkestrak lagunduta abestuko dena. Lan sinfonikoa da, testurik gabea, jatorrizkoaren gainetik bariatutako musikak bakarrik gidatua;
batzuetan berrasmatua, beste batzuetan historiagilearen arreta eta zintzotasunarekin errespetatua, baina beti ere 70eko
hamarkadako rock estetikan sustraituta zegoen musikaren pentsaera musikala bizirik gordetzen duena. Musika besterik ez: Itoizen musika, orkestra sinfoniko klasiko baten eskuekin interpretatua izateko idatzia. Holst, Elgar, Britten, Bernstein, Sibelius, Vaughan Williams dira urrunetik ber-egokitzapen hau “zaintzen” duten musikari batzuen izenak. Ez da kasualitatea gehienak kultura anglosaxoniarrean egotea, nabaria baita musikagile horien musika kultoa eta rock musika tradizio beretik elikatzen direla.
Ugariak dira ere nazioarteko merkatuan era horretako proiektuak: London Symphony Orchestrak interpretatutako eta grabatutako musika  sinfonikoa, Who, Pink Floyd, Led Zeppelin, etab. bezalako talde mitikoen musikaren egokitzapenak... guztiak ere Itoiz taldearen erreferentzia taldeak zirenak sorkuntza lanik handiena egin zuten sasoian. Erronka  kitzikagarria beraz, bai Itoizen jarraitzaile sutsuentzat, baita klasikoaren publiko zabalarentzat.