Itsasorik gabe uretan murgilduta
Kosta ez dago oso urrun, 20 kilometro ingurura dugu Deba. Baina barnealdeko herria izanik, nabarmentzekoa da historian zehar Eibarrek itsasoarekin izan duen lotura. Harreman horren erakusle da Armagintzaren Museoan ikusgai dagoen ‘Eibarko itsas abentura’ esposizioa. Martxoaren 30era arte egongo da zabalik eta, herriak itsasoarekin duen lotura historikoa azaltzeaz gain, hainbat pieza erakutsiko dira.
Marina Barrena Armagintzaren Museoko arduradunak eta AneUrain Udaleko Ondare Historiko eta Kulturalaren teknikariak Portalea eraikinaren 5. pisuan dagoen museoko ateak zabaldu dizkigute ‘Eibarko itsas abentura’ erakusketan murgiltzeko. Sartu eta berehala, atentzioa ematen du bertan aurkitzen dugun itsasontzi baten maketak, eta herriak itsasoarekin izan duen loturaren historian zehar nabigatzeko balioko digu.
Gaur egun azkar iristen gara kostaldera, baina orain dela mende batzuk bestelakoa zen kontua. Horregatik izan daiteke harrigarria Eibarrek itsasoarekin lotura estua edukitzea, baina Barrenak eta Urainek horren arrazoiak eman dizkigute. “Guk dakigula, eta horrela azaltzen da erakusketan, XV. mende inguruan hasi zen Eibar eta itsasoaren arteko harremana. Bereziki, burdinezko produktuak egiten ziren hemen bere helmugara eramateko. Eibartik Altzolako ibai-portura eramaten ziren lehenik, eta handik Debara”, azaldu digu Urainek.
Ibai-portua Altzolan? “Ibai estu batekoa izanda, portu txikia zen”, diosku teknikariak. “Altzolaraino errepidetik eramaten zituzten produktuak eta han txalupa txikietan sartzen zituzten Debara eramateko. Gero, Deban, itsasontzi handietan sartzen zituzten”, zehazten du Barrenak.
Eibarko itsasgizonak
Urteetan aurrera egin ahala, Eibarren eta itsasoaren arteko erlazioa aldatzen joan zen eta itsasoarekin lotura zuten pertsonaiak agertzen joan ziren: grabadoreak, marinelak, kapitainak... Hala nola, Isasiko Markesa armadorea izan zen eta Deban itsasontziak eraiki zituen, hemengo produktuak Sevillara eta beste hainbat tokitara eramateko, besteak beste.
Marinel eibartar gehienak merkatariak izan ziren eta, Amerikako aurkikuntzarekin batera, Ameriketan egon ziren horretan lanean. Adibidez, Martin de Orbea e Ibarra Espainia Berriko XVII. mendeko ontzidiko jenerala eta Santiagoko Ordeneko zalduna izan zen eta bere koadro bat dago ikusgai erakusketan.
Sasoi hartako merkataritzaren barruan esklabutza oso presente zegoen, eta marinel eibartar horiek ere izan zuten horrekin lotura. “Dakiguna azaldu behar da eta, zintzo jokatzen badugu, esklabuen salerosketa egiten zutela esan behar da”, aipatu digute Barrenak eta Urainek.
Ekonomian eragina
Itsasoak berebiziko garrantzia izan du herriko merkatarientzat eta, ondorioz, eragina izan du Eibarko ekonomian, merkataritzaz gain, beste sektore batzuetan ere. Hala nola, burdingintzan. “Burdingintzarako behar ziren materialak ibaitik iristen ziren Bilbotik edo Somorrostrotik, besteak beste, eta piezak toki beretik irteten ziren”, kontatu digu Barrenak.
Herrian armadoreak egon arren, itsasontziak Deban eraikitzen zituzten, baina pieza batzuk hemen egiten ziren. “XX. mendean, Garra eta Laspiur burdindegiek, adibidez, pieza batzuk egin zituzten”, diosku Barrenak, eta euren piezen moldeak eskuratu dituzte museoko erakusketa horretarako. Hain zuzen ere, Laspiur familiak egindako dohaintza izan da erakusketa hau antolatzeko arrazoi nagusia. Pieza horiei Garra enpresarenak gehitu zizkioten eta, hortik abiatuta, eraiki zuten erakusketaren diskurtsoa. “Ikusi genuen bazegoela zer kontatu Eibarren eta itsasoaren inguruan”, diosku Urainek.
Esklaboen balioa eskulekuetan
Enpresen piezez gain, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik ekarritako hainbat pieza daude. Hala nola, itsasontzi baten maketa, arpoiak, esklaboen eskulekuak, Altzolako grabatu batzuk... “Erakusketa jantzi nahi izan dugu”, teknikariaren berbetan.
Erakusketa prestatzeko lanetan bitxikeria bat edo besterekin ere egin dute topo. “Esklaboen eskulekuen kontua bitxia da. Izan ere, esklaboen salneurria edo balioa zein zen zehazten zuten elementuak ziren. 8-10 eskuleku inguru balio zituen esklabo batek. Zenbat eta eskuleku gehiago izan, esklabu horrek balio handiagoa zuen”, kontatu digu Barrenak. Erakusketan hamar eskuleku daude ikusgai eta Getarian hondoratuta aurkitu zuten itsasontzi batetik eskuratu zituzten.
Bisitariak gora
Erakusketa abenduaren 18an zabaldu zuten eta, zenbait astetan arazo teknikoak izan dituztenez, martxoaren 30era arte zabalik egongo da. “Momentuz harrera ona izan du eta bi hilabete falta dira amaitzeko”, gogoratzen du Urainek.
Azken urtean Armagintzaren Museoan egon den jarduna ikusita, badirudi hainbat bisitari gerturatuko direla Eibar eta itsasoaren arteko loturaren inguruan gehiago jakiteko. 2024an 4.865 bisitari izan ziren museoan, inoizko kopururik handiena. Gauzak horrela, Jon Iraola alkateak museoa El Corte Inglesen eraikinera tokiz aldatzeko asmoa dagoela adierazi zuen joan den astean Radio Eibarren. “Museoa eraikin horretara eramateko ditugun asmoak gauzatzea espero dugu”, adierazi zuen.
Datuak esanguratsuak diren arren, kexu da Barrena: “Pena da Eibarko jende gehiago ez etortzea”. Datuen arabera, bisitarien %39 beste erkidego batzuetatik etorritakoak dira, kopuru handiagoa bertako bisitariena baino (%25). Era berean, atzerritar ugarik bisitatu dute museoa (%5); datua museoaren estatuko zein nazioarteko proiekzioaren erakusgarri da.
Barrenaren ustez bisitari guztiak dira garrantzitsuak, “baina enpresa munduko jendea (enpresariak, langileak, bezeroak, hornitzaileak...) etortzea eta izan ginena, gaur egun garena eta egin duguna ikusteak balioa ematen dio museoari”. Herrian egon diren aldaketen ondorioz, museoa berebiziko tokia da horrelako gauzak jakiteko. “Herriko kaleetatik pasiatzen ezin gara konturatu Eibar zer izan den, ezta orain dela 40 urte ere, eta ez dago hain urruti”.
Escape Rooma
‘Eibarko itsas abentura’ erakusketa eta erakusketa iraunkorraz gain, museoak beste ekimen bat bultzatu zuen orain dela hilabete batzuk: Escape Rooma. “Museoa hobeto ezagutzeko balio duen jarduera”, Urainen ustez. Izan ere, parte-hartzaileek bertan topatzen dituzten pistekin aurkitu beharko dute planteatzen zaien egoeraren ebazpena.
Helburu nagusia Andres de Astigarragaren hiltzailea nor den aurkitzea da. “Asmatutako istorioa da”, argitzen du Barrenak, baina historian benetan gertatutako elementuek lagunduko die parte-hartzaileei.
Familiei eta gazteei (13-14 urtetik gorakoak) zuzenduta dago, eta parte-hartzeko eguna eta ordua zehaztu behar da aurretik 943 70 84 46 edo 943 70 84 00 telefonoetara deituta edo museoa@eibar.eus helbidera idatzita.