Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa hartuko du Coliseo antzokiak abenduaren 10etik 12ra
Cimasub-en 49. edizioan egin zen azaroaren 13tik 15era, Donostian, eta “arrakasta handia” izan zuen antolatzaileen berbetan. Orain, 25/26 Comasub Tourra jarri dute abian 30 herri baino gehiagotan, “itsaspeko munduaren magia ahalik eta jende gehienarekin partekatzen jarraitzeko”, eta Eibarrera ekarriko dute abenduaren 10etik 12ra.
Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 24. edizioa egingo da aurten Eibarren. “Planeta osoan zehar bidaia bat egiteko modurik onena, itsas hondorik ikusgarrienak bisitatuz eta itsas kutsaduraren eta klima-aldaketaren arazoaren osotasuna erakutsiz”, antolatzaileek diotenez. “Cimasub-ek publikoa informatu, sentsibilizatu eta hunkitu nahi du, eta gure itsasoen edertasun ezkutua ez ezik, mehatxuek eragiten dituzten errealitate gogorrak ere erakutsi”.
Ikus-entzunezkoak Coliseo antzokiak eskainiko dituzte, 19:00etatik 21:00etara. “Nazioarteko itsaspeko zinema onenaren eta sarituenaren proiekzioak izango dira”, esan digutenez. Gainera, sarrera doakoa izango da.
Horrez gain, Cimasub-era aurkeztutako argazki onenen erakusketa dago martxan Coliseon azaroaren 28az geroztik abenduaren 12ra arte (zinemako ohiko ordutegian).
Txikizikloa eta Adinzikloa
Txiki-txikitatik itsas kultura sustatzen jarraitzeko, Txikiziklo-aren bi saio berezi eskainiko dituzte. Lehenengoa abenduaren 10ean izango da, eta ikastetxeei zuzenduta egongo da. Bertan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek hainbat film labur proiektatuko dituzte eta urpeko munduko profesionalekin hitzaldi bat izango dute.
Bigarrena, abenduaren 13an egingo da, 12:00etan, Coliseon, eta Txikiziklo Familia Giroan du izena, “gurasoek eta seme-alabek aldez aurretik ikastetxeetan egindako jarduera honetaz goza dezaten”, diote antolatzaileek. “Helburua familia kontzientziatzea guztion esku dagoela klima-aldaketa arintzea, eta gure itsaso eta ozeanoak salbatzen laguntzea da”.
Programa osatzeko, Itsaspeko Adinzikloa antolatu da adinekoentzat, Ego Gain zentroan. “Gure adinekoek urpeko zinemaz gozatzeko aukera paregabea, beren ingurunetik irten gabe”, dioskue.
Programatutako ekitaldi eta proiekzio guztiek doako sarrera izango dute, lekua bete arte, eta hemen eskuratu daitezke edo Coliseoko leihatilan (astelehen eta barixakuetan 17:30etik 19:30era).