Iturri tabernak irabazi du pintxo lehiaketako sari nagusia

Iturri tabernak irabazi du pintxo lehiaketako sari nagusia
2015/11/19 00:00
eta kitto!

Arrate Kultur Elkartearen eskutik aste honetan, martitzen eta eguaztenean egin den XII. Eibarko Pintxo Lehiaketa "San Andres" Saria jasoko duten tabernak aukeratu ditu epai-mahaiak: Pintxo Onenari Saria Iturri tabernarentzat izan da, “London calling” izenekoarengatik. Horrez gain, "saritzeko bezalako pintxorik ikusi ez dutela eta", aurten ez da bertako produktuekin eginiko pintxo onenari saririk banatuko, baina horren ordez Originaltasunari Saria ematea erabaki dute eta sari hori Depor tabernak jasoko du, “Depor Bitoque” pintxoarengatik; eta jendeak emandako botuak zenbatu eta gero, Publikoaren Saria Hirurok tabernakoek irabazi dute “Bitukokatata” izeneko pintxoarekin. Epaimahaikideek lehiaketara aurkeztutako pintxo guztien kalitatea azpimarratu dute, erabakia hartzeko izan duen zailtasunarekin batera.
Antolatzaileek beste ezer baino lehen eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten tabernari guztiei, "pintxoak prestatzeko zein aurkezteko orduan ipinitako ilusio eta egindako lan izugarriarengatik". Horrekin batera, Eibar Merkataritza Gune Irekiari eta Udalari lehiaketa antolatzeko orduan emandako laguntza ere eskertu nahi dute. Saridunek San Andres egunean (azaroaren 30ean), San Andres Azokako eta kartel lehiaketako irabazleekin batera jasoko dituzte sariak.