Itxaropena ikuskizuna barixakuan eskainiko dute
Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrenaren egitarauaren barruan antolatutako Itxaropena ikuskizuna apirilaren 27an egin behar zen, baina euriaren ondorioz bertan behera utzi zuten emanaldia. Horrela, barixaku hontan egingo da saio bitan, 22.30 eta 23.30etan, Untzaga plazan.
Itxaropena Multimedia-lanak 1937an Euskadiko hainbat udalerritan izandako bonbardaketak gogora ekartzen ditu, argia, musika eta irudiak osatzen duten muntaian. Sostoa abesbatzak zuzenean jardungo du bertan eta, eurek diotenez, "duda barik guretako esperientzia berria izango da. Ikus-entzunezko efektuak izango dituen ikuskizunean jardungo dugu kantuan, dantzari bikainek lagunduta eta hori guztia Mikel Laboa eta Iñaki Salvadorren konposaketa musikalaren gainean montatuta joango da, laguntza sinfoniko eta koralarekin". Entseguetan Innevento Producciones enpresako lantaldea eta Iñaki Salvador musikari ezagunak gidari izan dituzte.