Itzulia Basque Challenge lasterketaren bigarren edizioa aurkeztu dute
Apirilaren 6an jokatu da Itzulia Basque Country txirrindularitza lehiaketaren azken etapa. Eibarren hasi eta amaituko da, lasterketa hemen erabakiko delarik. Munduko txirrindulari onenek hartuko dute parte bertan eta, txirrindularitzaz beteriko asteburua borobiltzeko, hurrengo egunean zikloturisten martxa egingo da: Itzulia Basque Challenge.
Iaz egin zen zikloturista martxaren lehen edizioa eta aurten ibilbide bera jarraituko dute txirrindulariek. Horrela, zazpi mendate gainditu beharko dituzte 137,8 kilometrotan, etapak 3.600 metrotik gorako desnibel positiboa izango duelarik (World Tour ibilbidea).
Erronka horren gogorra egin nahi ez dutenek iraupen ertaineko beste aukera bat izango dute, 80,6 km-koa, 4 mendaterekin eta 2.100 m-tik gorako desnibelarekin.
Izen-ematea zabalik dago eta hemen egin daiteke.
Profesionalen antzeko esperientzia
Antolakuntzak zerbitzu ugari lagatzen ditu parte-hartzaileen esku eta zikloturistek profesionalen antzeko esperientzia bizitzea eskaini nahi diete. Horrela, aurten, antolaketak segurtasun aldetik bitarteko gehiago jarriko ditu bi ibilbideetan eta anoa-postu bat gehiago egongo da (Krabelingo igoera hasi aurretik).