Izaro Kortazar, neurologoa: "Gaixoei zer duten esatean galdera ugari sortzen zaizkie"
- Hitzaldiaren izenburua "Alzheimer, Parkinson y otras enfermedades degenerativas. Resolviendo dudas" da. Zeintzuk dira ba gehien agertzen diren zalantzak?
Aipatutako gaixotasunen inguruan zalantza ugari izaten da, gaixoari berari sortzen zaizkion duda eta zalantzetatik hasita. Izan ere, gaixoa sendagilearen kontsultara joaten denerako badaki zerbait gertatzen zaiola, hau da, zerbaitek beharko lukeen moduan funtzionatzen ez duela konturatuta ailegatzen da kontsultara. Gaixoak oro har arduratuta egoten dira eta, horregatik, zer gertatzen zaien esatean, zalantza eta galdera asko sortzen joaten zaizkio. Eta gaixoei ez ezik, horrelako gaixotasunek zaintzaile, senitarteko eta ingurukoei ere eragiten dienez, horien artean agertzen diren zalantzak ere asko izaten dira. Portalean emango dudan hitzaldian azalpen batzuk emango ditut, baina batez ere jendeak galderak egitea eta parte hartzea nahiko nuke.
- Gero eta gehiago entzuten ditugu horrelakoei lotutako albisteak. Lehen baino kasu gehiago daude ala orain dela urte batzuk ez ziren horren ezagunak?
Gaixotasunak ez dira berriak, betidanik eman dira horrelako kasuak. Pentsa, Parkinson gaitzaren lehenengo aurrekariak Egipton orain dela 200 urte idatzitakoetan aurkitu dituzte. Gaixotasuna izendatu barik ere, sintoma eta bestelakoak irakurtzean zertaz diharduten argi ikusten da. Gure gizartean gero eta bizitza luzeagoa izatea lortu dugu, baina biziraupena luzatzearekin batera zahartzaroa bera luzatu egin da eta, beraz, logikoa da horri lotutako gaixotasunak ugaritzea.
- Gaixotasun degeneratiboak dira, baina gaixoen bizitza kalitatea hobetzeko tratamenduak eta sendagaiak egon badaude, ezta?
Sendagile modura, gure helburu garrantzitsuena gaixotasunen prebentzioa da. Baina zoritxarrez prebentzioa ez da beti posible izaten eta, beraz, hurrengo helburua gaixoen sintomei erantzuna ematea, hau da, tratamendua da. Gaixotasunen inguruko diagnostikoa gero eta azkarrago egitea lortu da eta horrek garrantzi handia dauka. Izan ere, gaitz degeneratiboei aurre egiteko tratamendu eta sendagaietan azken urteotan emandako aurrerapausoak oso handiak dira eta, gainera, arlo horretan etenbarik ikertzen dihardute.
- Eta horri esker gaixoen bizitza kalitateak hobekuntza nabarmena izan du, ezta?
Bai, batez ere horretan eman dira aurrerapausorik garrantzitsuenak. Hemengo neurologoen lehenengo promoziokoak orain dihardute jubilatzen eta, seguruenik, beharrean hasi zirenean nekez pentsa zezaketen
gaur egun gauden puntuan egongo ginenik.
- Neurologiari lotutako gaixotasunen zerrendan burmuinari zuzenean eragiten dion Alzheimerra dago. Bereziki zaila da horrelakoak ikertu eta ulertzea?
Bai, burmuinaren funtzionamendua benetan konplexua da, baina hala ere arlo horretan ematen diren aurrerapausoak ikaragarriak dira.