J.M. Diaz: “Jendeak uste du tiroan punteria dela garrantzitsuena, baina oso psikologikoa da”

J.M. Diaz: “Jendeak uste du tiroan punteria dela garrantzitsuena, baina oso psikologikoa da”
2023/09/15 10:31
eta kitto!
Jose Manuel Diaz Aja eibartarra Fan 32 (helizea) modalitateko Europako Txapeldun bilakatu zen joan den uztailaren 29an, Chesten (Valentzia). Orain arte Arrateko Tiro klubeko bazkideak lortu duen garaipenik handiena da eta herriko tiratzaileen maila nolakoa den erakusten du. Orain, Munduko Txapelketa du helburu, baina denbora pixka bat itxaron beharko du horretarako.

Bizitza guztia ehizan pasa ondoren, Jose Manuel Diaz Ajak lehiaketen bidea hartu zuen orain dela urte batzuk bizkarrean zituen minen ondorioz. Ehiza beste kontu bat da beretzat, berezia, baina txapelketetan emaitza bikainak lortu ditu urte hauetan eta aldaketak ondo egin diola esan daiteke. Europako txapeldunak edozein egoeratara egokitzeko ahalmena duela erakusten du eta, orain, zergatik ez Munduko Txapelketarekin amestu?

 

Orain galdetuko dizut Europako txapelketari buruz, baina Valentzian izan zara berriki Uso-Tiroko Espainiako Txapelketan. Zer moduz aritu zinen?

Esperientzia ona izan zen, baina ez nintzen irabazteko asmoarekin joan, arma berria probatzera baizik. Orduan, eguenean eta barixakuan ondo jaurti nuen arma berriarekin, baina zapatuan arma zaharrera itzuli nintzen, Europako Txapelketa eman zidan armara, eta okerrago ibili nintzen. Bitxia da.

Hain azkar galtzen da trebetasuna ala?

Ez, baina modalitate ezberdinak dira eta igartzen da. Bata, Europako Txapelketakoa, helizea zen eta plastiko bati jaurtitzen diozu, eta bestea uso-tiroa zen.

Modalitate batetik bestera asko aldatzen dira armen ezaugarriak?

Usoei tiro egiteko arma arinagoak behar dira. Helizea oso azkar irteten da kutxatik eta abiadura galtzen doa. Usoa, berriz, motelago irteten da eta azeleratuz doa. Orduan, tiratzeko modua aldatu egiten da. Aurten helizean ibili naiz buru-belarri eta horregatik sentitu nuen aldaketa.

Helizean bai, bikain aritu zara Europako Txapelketa lortzeraino. Nola bizi izan zenuen?

Nahiko txapelketa gogorra izan zen. Valentzian jokatzea inoiz ez da erraza. Haizea egin ohi du eta horrek helizeak tokiz mugitzen ditu. Normalean, eguerditik aurrera haize gehiago egiten du. Ondo ezagutzen dut gune hori, helizearekin bi urte daramatzadan arren, lehen plater-tiroa egiten nuelako.

Bi urte besterik ez helizearekin?!

Bai, eta denbora honetan Taldekako Espainiako Txapelketa eta bakarkako Europako Txapelketa irabazi ditut. Orain, datorren urteko Munduko Txapelketa dut zerumugan. Izan ere, aurtengoa Brasilen jokatuko da, Curitiban, eta ezin izango naiz joan.

Itzuli gaitezen Europako Txapelketara. Nolakoa izan zen?

Zaila, baina helburu guztiak lortu zituen lehiakide bakarra izan nintzen.

Nola helburu guztiak? Zer egin behar izan zenuen?

Guztira 20 helize jaurtitzen dituzte eta ni izan nintzen guztiak bota zituen tiratzaile bakarra. Batzuk 19ra iritsi ziren. Nire azken tiraldiaren faltan nik zer egingo nuen zain zeuden, ea huts egiten nuen eta txapelketa irabazteko aukera zuten, baina...

Presio handia sentitu zenuen?

Azkeneko helizean ez nuen presio handirik sentitu, egia esan, baina aurreko seiretan bai. Ez nituen jendearen komentarioak entzun nahi, emaitzak jakin nahi izanez gero markagailuan begiratuko nuela esaten nuen. Orduan, lagunari esan nion jendeari hurbiltzen ez lagatzeko, lasai egon nahi nuela.

Joko psikologikoa dago lehiakideen artean?

Jendeak uste du tiroan punteria dela garrantzitsuena, baina oso psikologikoa da. Kontzentratuta bazaude, ondo egin dezakezu, baina bestela akabo. Buruan dituzun arazoei bueltak ematen badizkiozu, ez duzu zereginik. Beste batzuetan, ordea, puntua hartzen diozu, ondo kontzentratzen zara eta dena irteten zaizu, baina ez da erraza. Europako Txapelketan oso ondo sentitzen nintzen, baina Valentziako zelaia oso zaila da eta neure burua ‘entxufatuta’ ikusten nuenez, ez nuen kontzentrazioa galdu nahi. Orduan, azken tiroaren aurretik ez negoen batere urduri.

Nola gogoratzen duzu azken tiro hori?

Tiraketa bakoitzean bost kutxa egoten dira eta helizea edozein kutxatatik irten daiteke edozein norabidetan. Txapelketa amaitu ondoren, Unai lagunak galdetu zidan ea zein kutxatatik irten zen azken helizea, baina hain kontzentratuta egon nintzen, gero ez nuela gogoratzen. Oso adi egon behar duzu, gauza asko izan behar direlako kontuan. Gainera, %40ko baliaezintasuna dut, bizkarra josita dudalako, eta mugikortasun handirik ez dudanez, gorputza asko gurutzatu behar dut bosgarren kutxa ikusi ahal izateko, baina era berean, hori egitean lehen kutxa ikusteko arazoak ditut. Tira, oso kontzentratuta egon behar naiz, azken finean.

Buruan zenuen Europako Txapelketa lortzea?

Garaipena lortzeko gertu egon arte ez nuen pentsatu ere egiten. Hori bai, Valentziara autoan gindoazenean aipatu genuen kopa Eibarrera etorri behar zela, gutako norbaitek irabazi behar zuela. Bete ez ziren apustuak ere egon ziren tarteko. Gutako batek bidaiatzeko poltsa berria erosi zuen eta zera esan zuen: “Norbaitek kopa irabazten badu, poltsa emango diot kopa eramateko”. Azkenean ez zidan eman, baina barre egin genuen.

Handia egin duzu ba!

Bai, polita izan da. Europako onenekin lehiatu eta irabazi egin nuen. Iaz, Portugalen izan nintzen Munduko Txapelketan eta azpikeria egin zidaten. Ez nuen araudia ondo ezagutzen eta kontua da helizeari jotzen badiozu eta honek lurra jotzen badu bigarren tiroa eman aurretik, tiroa errepikatu behar duzula (tiro bakarrera). “Tiro bat”, esan zidan portugaldar batek, eta nik “tiro bat lurrera eta bestea gora?”, eta baietz erantzun zidan. Orduan, berriz tiro egin, helizeari jo eta balio ez zuela esan zidan, bi kartutxo erabiltzeagatik bakarra beharrean. Polemika pixka bat egon zen, ordura arte tiro bakarra ere ez nuelako huts egin. Demaseko haserrea hartu nuen.

Beraz, eskura izan zenuen Munduko Txapelketa. Non jokatuko da datorren urtekoa?

Ez dute zehaztu, baina Argentinan, Marokon eta Espainian jokatzea gertatu daiteke. Ziur dakidana da laster Madrilen jokatuko den Uso-Tiroko Munduko Txapelketa jokatuko dudala.

Zein txapelketatan ibiliko zara orain?

Lehenik, Helizeko Errege Kopan arituko naiz Cantoblancon (Madril). Gero, Uso-Tiroko Errege Kopa jokatuko dut Somontesen (Madril). Tiraketarik garrantzitsuena da parte-hartzaileei eta sariei dagokienez.

Zein modalitate gustatzen zaizu gehien?

Biak gustatzen zaizkit. Denek esaten dute helizea zailagoa dela, gogor eman behar zaiolako.

Zuretzat garaipen handia izan da, baina baita Eibarko tiro komunitatearentzat ere, ezta?

Baietz esango nuke. Gainera, kopa Arraten laga dut. Kopa asko daukat etxean, lehen plater-tiroan aritzen nintzelako. Helizeari dagokionez, Eibarko tiratzaileek arrakasta handiak lortu ditugu hain denbora gutxi eraman arren.

IMG_0730 Sin título WhatsApp Image 2023-07-29 at 21.09.34