Jaiak Ipurua auzora itzuliko dira asteburu osorako egitarauarekin

35 urte eta gero, berriz ospatuko dira jaiak Ipuruan
2024/09/27 10:53
eta kitto!

Hainbat urte pasa dira Ipuruako jaiak azken aldiz ospatu zirenetik, baina auzokideek bolada horrekin amaitu eta auzora festa giroa ekartzea erabaki dute. Horretarako, ekintzaz beteriko bi egunetako egitaraua prestatu dute. Egun bateko egitaraua prestatzea zen antolatzaileen asmoa, baina auzokideek gogotsu hartu dute jaiak egiteko proposamena eta egun bakarra motz geratzen zitzaien.

 

Jaiak ospatzeko egun gutxi falta direla, Ipuruako Jai Batzordeko Ivan Lopezekin eta Ainitze Ansorregirekin elkartu gara. Egitaraua zehaztuta, prestaketen azken xehetasunak ixten ziharduten, baina gogotsu zeuden asteburua iritsiko zain. Herritar guztiak Ipuruara gerturatzeko deia egin dute eta, hori asteburuan ikusiko den arren, badakite bazkarian behintzat jende ugari bilduko dela. “Txartel guztiak saldu dira eta 350 lagun elkartuko gara. Toki gehiago edukiz gero, ehun lagun gehiago etorriko lirateke”, dioskue pozik.

Bazkaria 15:00etan egingo da, bihar, Mogel ikastolako patioan, baina Ipuruako jaien egitaraua goizean goizetik hasiko da, 08:30ean hain zuzen ere. Ordu horretan Argatxan elkartuko dira Ipuruatik ez oso urruti mendi buelta egiteko. “Denok parte hartu ahal izateko moduko ibilaldia egingo dugu”, aurreratu digute. Ekintza horretan parte-hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea eta Argatxan agertzearekin bakarrik nahikoa izango da.

Ibilaldi osteko egarria eta gosea asetzeko salda eta txorizoa eskainiko dute Ipurua elkarte gastronomikoan, eta ondoren, 11:00etan, txupinazoa botako dute. Jaiari hasiera ofiziala emanik, 11:30ean herri-kirolak egongo dira Mogel ikastolako patioan eta trikipoteoa egingo dute bazkalordua iritsi aurretik.

Bazkalostean Koralito abesbatzak emanaldia eskainiko du Mogelen. Koralito 2023. urtearen amaieran sortu zuten Ipuruan eta belaunaldi ezberdinetako lagunek osatzen dute Jose Miguel Laskurainek zuzentzen duen abesbatza.

Musika emanaldiaren ondoren jolasek hartuko dute Mogeleko patioa eta hauek amaitzen direnean kontzertuen txanda iritsiko da. Guztira hiru talde arituko dira Ipuruako jaietan: Erramunak, Makis 37 eta Mugi Panderoa.

Zapatua ekintzaz beterik etorriko den arren, domekan goizetik egongo da martxa Ipuruan. Horrela, 10:30ean toka eta igel txapelketa jokatuko da San Pio X elizaren parean Ipuruako jubiletxearen eskutik.

Joko tradizionalekin jarraituz, baina hau pixka bat modernoagoa, 11:30ean Scalextric zirkuitua jarriko dute Jazinto Olabe parkean eta txokolatada ere eskainiko dute. Eguerdian, 12:00etan, auzoko hildakoen aldeko meza egingo da San Pio X elizan, festaz gozatu ezin dutenak gogoratuz.

Pixka bat beranduago, 12:30ean, KAXA sormen gunekoek erakustaldia eskainiko dute Jazinto Olabe plazan eta ondoren, 13:30ean, jaiari amaiera emango zaio toki berean. Horretarako, bermutada egingo da DJ Eustah-ek girotuta.

 

Auzokideen parte-hartzea

Sei lagunek osatzen dute Ipuruako Jai Batzordea eta lan handia egin dute jaiak antolatzen. “Jaiak beste aldetik ikusi izan ditugu eta antolakuntzan sartzerakoan ikusten duzu nolako lana egin behar den”, aitortu digu Ivanek. Hori bai, auzokideen erantzuna bikaina izan dela aipatu digute eta oso eskertuta agertu dira. “Jendea asko inplikatu da eta oso pozik gaude”, diosku Ainizek.

Auzokideez gain, auzoko tabernek eta dendek ere jaien aldeko apustua egin dute eta azken hilabeteotan hainbat zozketa egin dituzte, kamisetak saldu eta beste ekintza batzuk, girotzen hasteko. Gainera, errifen salmentarekin jaietarako dirua bildu ahal izan dute. “Ez genuen dirua eskatzen ibili nahi, jendeari ere zerbait eskaintzea nahi genuen”, azaldu digu Ivanek.

Indartsu itzuli dira Ipuruako jaiak eta asteburu bikaina biziko da auzoan. Jaiek jarraipena izatea espero dute, baina momentuz asteburukoaz gozatzea dute helburu.